Zapatu goizean [urtarrilak 7] Donostiako belodromoan lehiatu zen pista estaliko gazte mailako 3.000 metroko
Euskadiko Txapelketa irabazi zuen
Aiora Agirregomezkorta Gandiaga Lekeitioko Tximista Atletismo Taldeko kirolariak. Euskadiko txapela lortzeagaz gain, bere marka pertsonala 16 segundotan hobetzea lortu zuen markina-xemeindarrak 11:10.82 denbora eginez. Zornotzako krosean ere, gazte mailako lehen postua eskuratu du.
Agirregomezkortagaz gain, lehian parte hartu zuten bai eta Tximista Atletismo Taldeko
Anthony Sarango Duraznok eta
Peio Vladimir Anakabe Larreategik ere. Lasterketa ona burutu zuten, kadete mailan Sarangok eta junior mailan Anakabek, baina aipagarriena Agirregomezkortak egindakoa izan zen.
Aiora Arrigomezkorta podiumaren gorenean. Argazkia: Tximista Atletismo Taldea
Zornotzako krosa eta proba konbinatuak. Domekan ere martxa onean jarraitu zuten Tximista taldekoek. Taldea bi zatitan banatu zen goizean. Alde batetik Zornotzako Krosean hartu zuten parte Lekeitioko taldeko kirolariek, eta bestetik, Donostiako belodromoan ospatu den Euskadiko proba konbinatuen txapelketan egon ziren.
Maila ezberdinetako hainbat korrikalarik hartu zuten parte Zornotzako Krosean: kadete neskak, kadete mutilak, gazte mailako neskak, junior mutilak eta kros herrikoian. “Hotz izugarriari eta zirkuitu gogor bati aurre egin behar izan zioten, eta berriz ere, nabarmentzekoa izan zen Aiora Agirregomezkortak lortutako garaipena”, adierazi dute Tximistako arduradunek. “Gazte mailako lehen urtekoa izanda, bigarrenari 10 segundoko aldea ateratzea lortu zion helmugan”. Izan ere,
gazte mailako irabazlea izan zen markina-xemeindarra, eta bere lasterketan laugarren egitea lortu zuen 14:07 denbora bikaina eginez eta hirugarren postutik 6 segundora gelditu zelarik.
Bestalde, Donostian,
Irati Iriondo eta
Mikel Dolaraga aritu ziren. Iriondok Euskadiko proba konbinatuen txapelketan 4. postuan sailkatzea lortu zuen. “Bost proba egin zituen eta lau probatan bere marka hobetzea lortu eta podiumera igotzetik puntu gutxira gelditu zen”, azaldu dute Tximistakoek. Dolaragak, berriz, 200 metroko lasterketan parte hartu zuen eta pista estaliko bere marka pertsonala hobetu zuen.