7.824.601 euroko aurrekontua onartu du Lekeitioko Udalak gaur iluntzean [urtarrilak 12] egindako osoko bilkuran, EAJ-PNVko gobernu taldearen aldeko bozkekin eta EH Bilduko zinegotzien abstentzioagaz. Azken astean, Garabillako garaje bat saldu izanak, aurrekontuak zer edo zer igo ahal izatea ahalbidetu dietela jakitera eman du udalak. Gizarte Zerbitzuetara, Berdintasunera, Kultura eta Kirol sailetara bideratu dute kopuru hori.
Aurrekontuak osatzeko, sail bakoitzak
iazko kopuru bera mantentzea, udal eraikinak baldintza egokietan ipintzen jarraitzea eta hauteskunde kanpainan aurkeztu zuten programa betetzen joatea izan dituztela oinarri, azaldu du Koldo Goitia Lekeitioko alkateak. «Aurrekontuen %40,8a pertsonal gastuetara bideratuko dugu; %35a herria martxan mantentzeko izango da, hau da, argiteria, ura, sanemanedua …; %10a Amankomunazgoa, Garapen Agentzia, UEMA eta Eskolatarako izango da eta %7a zorra ordaintzeko. Beraz, Inbertsio errealetarako %7a besterik ez da geldituko».
Miloi erdi baino gehiago. Inbertsioetarako, beraz, 562.145 euro edukiko ditu Lekeitioko Udalak, aurten. Proiektu nagusia
Santa Katalina pasealekuaren bigarren fasea izango da. Izan ere, pasealekuari jarraipena eman nahi dio udalak, eta horretarako 121.000 euroko aurrekontua edukiko dute.
Santa Katalinara doan pasealekua.
Kirol instalakuntzetara bideratuko dute beste zati handi bat. Isuntza Arraun Elkarteko teilatua konpondu nahi du udalak, eta beraz, 100.000 euro gorde dituzte horretarako.
Eskoletako leihoak aldatzen ere jarraituko dute aurten. «Iaz aurrealde bateko lehioak aldatu genituen, eta aurten beste aurrealde batekoak hobetuko dira». 55.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute lan hori egiteko.
Merkatu plaza ere konponduko dute, bai eta Gazteguneko igogailua ere, eta San Andres auzoa konpontzeko proiektua egiten hasiko dira. «Auzokoek erabakiko dute ze proiektu gauzatu», argitu du Lekeitioko alkateak.
Mendieta ontziola berreskuratzen joateko asmoz, proiektua egin nahi du aurten udalak eta horretarako 62.745 euroko partida gorde dute. «Erori beharrean zegoela ikusita, zutoinez eutsi da, baina egonkortasun proiektuagaz hasi behar dugu».
Herri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) gauzatzen joateko, bestalde 100.000 euro erabiliko ditu udalak. Horrez gain, uda sasoian lekeitiarrentzako aparkalekua bermatu ahal izateko sistema berria jarri nahi dute martxan. «Kale batzuetan seinaleak jarriko dira bizilagunak autoa utzi ahal izateko».
Argi-ilunak. Aurrekontuen gaiari argilunak ikusten dizkio Lekeitioko EH Bilduk. Udalak 2016ko aurrekontuak hartu dituela erreferentziatzat diote. «Aurrekontu hark murrizketa nabarmenak zituen. Beraz, erreferentzia 2016 izatea ez deritzogu nahikoa denik. Hartara, aurrekontu hauek
xumeak dira».
EH Bilduren ustez, aurreko agintaldian lortu edo kudeatutako proiektuak bultzatzen oinarrituko dira aurtengo inbertsio asko: Mendieta Ontziola, Santa Katalina pasealekua, Isuntzako teilatua….
«Diru sarrerak txikiak izanik, ez du margen handiegirik ematen proiektu honek. Horregatik uste dugu inoiz baino beharrezkoagoa dela elkarlana bilatzeko ahaleginean tematzea, eta herritarren ongizatean eragingo duten neurrietan eragiteko lan politikoa egitea. Gai horietan bai baitago marjinarik eta politikak egiteko aukerak ematen ditu eta».
Lekeitioko EH Bildun argi daukate euren oposizioa ez dela soilik, udal gobernuaren jarraipena egitera mugatuko. «Gure herri proiektua garatzen ari gara eta ekarpen eraikitzailea egingo dugu». Horregatik, udal aurrekontu proposamenari
emendakinak egin zizkioten, eta horietako batzuk onartuak izan dira. «Hala ere, gure ustetan estrategikoak diren proiektu eta egitasmo batzuk kanpoan utzi dira, eta diru partida esanguratsuak onartu gabe utzi dira». Abaroa jauregian inbertitzeko proposamena edo IBI-aren ordainketa egiteko zailtasunetan daudenei laguntzeko proposamena aitatu dituzte. «Horregatik, uste dugu, oraindik ere ez dela nahikoa aurtengoan egin duguna eta askoz ere elkarlan eta kontsentsu maila handiagoetara hel gaitezkeela».
Argi utzi dute bai eta ere, herriari etengabe
eskaintzak egiten jardungo dutela, bideak elkarlanean egiteko gaitasuna erakutsi ezkero herri osoak irabazten duela uste dute eta.
«Gu geu, lan horretan tematuko gara agintaldi osoan. EAJk herriaren eraikuntzan parte hartu nahi badu, bidelagun izango gaitu, beraz».
Bozka kopuruari dagokionez, Lekeitioko udalean EH Bilduk EAJk beste herritar ordezkatzen dituela esan dute. «Beraz, PNVk bere proiektua lehenesterako orduan, oposizioaren ekarpenak kontuan hartzen ez baldin baditu, herritarren ia erdiaren borondateari uko egiten ari dela ulertzen dugu».
Azkenik,
udalkutxaren sistema ere kritikatu dute. «
Herrien finantziazioan ezinbestekoa den diru-iturriaren kudeaketan (Lekeitioko diru sarreren %40 Udalkutxatik dator) oso trakets jokatu du EAJk zuzentzen duen erakundeak. EAJren kudeaketa txarraren ondorioz Lekeitioko Udalak 300.000 euro inguru bueltatu beharko ditu».