Murueta nagusitu da 680 kiloko sokatira txapelketan
Ibarrako Belabieta kiroldegian jokatu zuten zapatuan, 680 kiloko Euskal Herriko 8×8 Sokatira Txapelketa, eta Muruetako taldearetzat izan da garaipena. Hamar talde aritu ziren tiratzen. Sokarri izan zen bigarren sailkatua, eta Zuraidek egin zuen hirugarren. Mutrikuko taldea bederatzigarren postuan geratu zen.
Datorren asteburuan 640 kiloko txapelketan tira egin beharko dute Muruetak eta Mutrikuk. 640 eta 405 kiloetako txapelketen lehen saioak Mungian jokatuko dituzte, zapatuan, 17:00etatik aurrera, bigarren jardunaldia hilaren 28an izango da Idiazabalen, eta azken saioa Erandion lehiatuko dute, otsailaren 4ean.
Hamabi talde. 640 kilotan hamabi taldek parte hartuko dute: Murueta A-k, Murueta B-k, Abadiñok, Beti-Gaztek, Mutrikuk, Zuraidek, Ñapurrak, Gabadik, Ibarrak, Gaztedik, Sokarrik eta 6 Conceyosek. Lehenengo bi jardunaldietan puntu gehien lortzen dituzten sei taldeak sailkatuko dira hirugarren jardunaldiko finalera.
Bestalde, emakumezkoen 405 kiloko modalitatean, Ibarra, Gaztedi eta Txantrea ariko dira nor baino nor gehiago. Talde bakoitzean sei tiralari egongo dira.