Hasiera batean Lilatoira joatea bazen helburua, urte guztirako aringa-aringa egiteko taldeak sortu dituzte azkenean, Markina-Xemeinen. Gaur [urtarrilak 17] jarri dute lehen hitzordua,
19:00etan Plazabarripean. Luzaketak egin eta abiatuko da taldea kirola egitera.
Alde batetik, inoiz korrika egin ez duten edo hasiberrien taldea eta bestetik, aurretik ere aringa-aringan dabiltzanena osatuko dituztela jakitera eman du, beste bategaz batera, entrenamenduak antolatzeaz arduratuko den Beronika Noyak.
Taldeek ez dutela mugarik azpimarratu du Noyak. «Adin eta maila ezberdinetako emakume guztiek dute lekua bertan», esan du. Hori dela eta, probatu nahi duten guztiak animatu ditu parte hartzera.

Ondarroako taldearen entrenamendu saio bat.
Astean birritan izango dira entrenamenduak,
martitzenetan eta barikuetan 19:00etan hasita. Horrez gain, hilean behin edo birritan hipopresibo saio batzuk, luzaketak edo indar ariketak ere antolatu nahi dituzte.
Hasiberrien taldean astiro-astiro joatea da asmoa, apurka-apurka aringa-aringaren munduan murgiltzen joateko. Horrela, hasieran denbora gutxi egingo dute korrika, eta aurrera egin ahala luzatzen joango da entrenamendua 20 minutuko saioa osatu arte.
Zirkuitua herrian zehar. Hasiera eta amaiera Plazabarripean izango dira, eta epe luzeagora herrian zehar zirkuitu bat osatzen joatea da helburua. «Herriko krosean egiten den zirkuitua osatuko dugu. Behin eginda, guztira, 3 kilometro dira eta herrian zehar izanik, nahi duenak erretiratzeko aukera ere eduki dezake», azaldu du Noyak.
Hasiberriek entrenamendua Plazabarripean amaitzen dutenean luzaketak egiteko, aurretik aringa-aringa dabiltzanekin elkartuko dira. Izan ere, aurretik dabiltzanen entrenamendua
19:30ean hasiko da beroketagaz, eta beraz, talde biek bat egingo dute. «Horrela, aurrera egin ahala, talde batetik bestera igarotzeko aukera egongo da».