Mutrikuko
EH Bilduk antolatuta, Energia garbien inguruko hitzaldia egingo da bihar [urtarrilak 18], 19:00etan, Zabiel kultur etxean. Antolatzaileek iragarri dutenez, herritar guztientzat zabalik egongo den bilera irekia izango da.
Hitzaldiari dagokionez,
Goiener (Energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatiba) eta
Barrizar (Energi Zerbitzuen Kooperatiba) kooperatibetako kideek parte hartuko dute bertan. EH Bilduren ordezkariek nabarmendu dutenez, Mutrikun etorkizunean energiaren inguruan zer egin daitekeen sakontzen hasteko “bidea irekitzea” da hitzaldiaren helburuetako bat.
Hitzaldira bertaratzen direnek, Goienerko Joanes Maizaren eskutik, besteak beste, energia garbiaren aldeko kontsumoak zertan datzan entzuteko aukera edukiko dute. “Dagoeneko 5.000 bazkide baino gehiago dituen Goiener Kooperatibak eskaintzen dituen aukerak azalduko ditu, besteak beste”. Barrizarko Iñaki Gazteluk, bestalde, Lea-Artibaiko hiruzpalau herritan garatzen ari diren proiektuez mintzatuko da. “Herri bakoitzak dauzkan ezaugarrietatik abiatuz, enpleguaren sustapena eta energia garbiaren ekoizpena uztartu dituzte”.