Urte honetan
1,7 milioi euroko aurrekontua izango du Etxebarriko Udalak 2017ko jardunerako, 1.773.524 euro hain zuzen. Aurrekontuen zati handiena inbertsioen atalera bideratuko dute, 295.624 euro erabiliko dituzte inbertsio errealetarako. Baina, inbertsioez gain, gizarte arloko premietara begira ere partida bereziak izango dituzte.
Inbertsioen atalari dagokionez, aurretik hasitako proiektu batzuekin jarraitu eta egitasmo berriak aurrera eramateko asmoa erakutsi du udal gobernuak. Alde batetik,
baserri bideak konpontzen eta kaleak mantentzen jarraituko dute, eta horretarako 55.000 euro gorde ditu udalak.
Iaz bezala,
baserrietara argiteria publikoa eramaten ere jarraituko dute, eta bigarren faseak 30.000 euroko aurrekontua edukiko du. “Iaz 66 baserritan jarri genuen argia eta aurten beste 40 geratzen zaizkigu amaitzeko”, azaldu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak. Herrigunetik kanpo dauden eta nahi izan duten baserri denetan argiteria jartzea da udalaren asmoa, eta aurretik argia jarrita dutenei laguntza emango dietela zehaztu dute.
Herri-antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) egiteko pausoak ematen jarraitzeko eta ikastetxe publikoa egiteko aldaketa puntual bat egiteko 70.000 euro aurreikusi dituzte, eta
Otsolo eraikinaren proiektua egiteko 20.000 euro. “Diagnostiko bat egin zen eta beste batzuren artean, ekipamendu falta eta liburutegi handiago eta irisgarriago baten beharra zegoela adierazi zuten herritarrek, eta horretarako erabili daiteke Otsolo eraikina. Ideia batzuk badaude, eta hortik abiatuta gauzatuko dugu proiektua”.

Manuela Zubizarreta eskola publikoko teilatua konponduko dute aurten.
Bestalde,
udaletxeko teilatua eta Manuela Zubizarreta
eskola publikoaren teilatua konponduko dituzte, eta horretarako 30.000 euro eta 26.500 euro aurreikusi dituzte, hurrenez hurren. Horrez gain, hesi batzuk ere erosteko asmoa dauka udalak, eta proiektu nagusiena
bidegorrian komun publikoak jartzea izango da. “Inguru horretan gainera, aire libreko gimnasio bat ere jarriko genuke”. Bidegorriko proiektua egiteko 57.000 euro beharko dituzte.
Laguntzak. Gazte, jaioberri eta nagusiei zuzendutako laguntzak ere emango ditu Etxebarriko Udalak hemendik aurrera. Alde batetik, Etxebarrian etxe bat alokatzea erabakitzen duten 18 eta 33 urte bitarteko
gazteei, 100 euroko laguntza emango diete. “Neurri horregaz, herriko gazteei etxetik joatea erraztu eta inguruetako gazteentzako herri erakargarri bat izatea lortu nahi dugu”, azaldu du alkateak.
Beste alde batetik,
jaioberrientzako laguntza ere eskainiko du udal gobernuak. “Laguntza hori jasotzeko, hiru urte egon behar da Etxebarrian erroldatuta eta laguntza jaso ondoren ere, bertan jarraitu behar da urte kopuru bat”. Lehenengo umearentzat 300 euroko laguntza emango dute, bigarrenarentzat 500 euro eta hirugarrenarentzat 700 eurokoa.
Nagusiei begira ere laguntzak eskainiko ditu udalak. Bakarrik bizi eta mugikortasun arazoak dituztenei taxi erabilera bermatuko diete behar dituzten lekualdaketak egiteko. “Sendagilearengana edo farmaziara joan edo edozein premiarako erabili ahalko dute zerbitzua”, zehaztu du alkateak. Erabiltzaileak euro bateko prezio sinbolikoa ordainduko luke, eta gainerakoa udalaren gain geratuko da.
Azkenik,
gurasoak euskaraz alfabetatzeko laguntza ere emango du udalak, eta horretarako 3.000 euroko partida gorde dute. “Ikastaroak antolatu nahi ditugu, umeei etxeko lanak egiten laguntzeko alfabetatzea behar duten gurasoentzat edo etorkinak diren gurasoei zuzenduta”.
Abstentzioa. Nahiz eta aurrekontuaren gehienean ados egon, baserri bideen konponketagaz, eskola guneko aldaketagaz, HAPO, teilatuen konponketagaz… bere osotasunagaz ez dator bat
Etxebarriko EH Bildu, hori dela eta, aurrekontu horren aurrean abstenitzea erabaki zuten.
Hainbat proposamen egin zituen taldeak aurrekontuetan sartzeko. Batik bat inbertsioen atalean kultur aretoaren erabilera aniztuna izateko jarleku mugikorrak jartzea, eskola guneko urbanizazio proiektuaren lehen faseari hasiera ematea, Nemak enpresaren aurrealdeko saihesbidearen proiektua egin eta zarata ekiditeko panelak jartzea eskatu zuten.
Gastu arruntetan ere proposamenak egin zituen EH Bilduk. Beste batzuren artean, herriko zerbitzuen gida bat egin eta zabaltzea proposatu zuten,
Hitzari udalak ematen dion laguntza igotzea eta udal boletinak eta iragarkiak euskarazko prentsan ere argitaratzea, eta alfabetatze ikastaroak herrian bertan ematea.
Horrez gain, herrian interneteko komunikazio sistema fibra optiko bidez hobetzea, herri ortu publikoen lanketa egin eta auzo konposta gune berriak sustatzea, Udalbiltza proiektuan parte hartzea, Korrikari laguntzea, uda sasoian hilabeteko bi langile hartzea eta ikastaroen bitartez politika feminista sustatzea ere proposatu zituen EH Bilduk.