San Anton jaiak ospatzeko prest daude Markina-Xemeingo Barinaga auzoko bizilagunak. Gaur [urtarrilak 17] izango dute jaietako lehen eguna, San Anton eguna bera, eta asteburuan jarraituko dute ekimenekin.
12:15etako meza nagusiaren ostean elkartu eta
bazkaria edukiko dute auzoko erretiratuek Iturritxu elkartean. Auzoko elkartea izango da, batez ere, jaietako bilgune nagusia, bertan egingo dira bai eta ere, zapatuko [urtarrilak 21] briska txapelketa eta bertso afaria.
Berritasun modura,
musika edukiko dute erretiratuek bazkalostea alaitzeko. Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariek animatuko dute arratsaldeko giroa.

Frontoia beteta, bertso afarian. Argazkia: Barinagako jai batzordea
Lasterketa. Kalamuatik Barinagara arteko lehen jaitsierak emango dio hasiera zapatuko [urtarrilak 21] egitarauari. Barinagako Jai Batzordeak 10:30ean jarri du ordua parte hartzaileak batzeko, eta 12:00etan hasiko da lasterketa.
Parte hartzeko aukera zabalik dago oraindik. Barikura arte edukiko dute korrikalariek
www.herrikrosa.eus web orrialdean sartu eta izena emateko aukera.
16:30etik aurrera
Briska Txapelketa jokatuko da elkartean. Horretaz gainera, Euskal Herriko Mus Txapelketako kanporaketa ere Barinagan jokatuko dela jakitera eman dute jai batzordeko kideek, 17:00etan, Iturritxun.
Briska irabazten duen bikoteak 120 euro eta txapelak eramango ditu, bigarrenek 80 euro, hirugarren bikoteak 50 euro eta laugarren gelditzen direnek Santamañeko gazta bi.
Jaiak ez du etenik izango goizaldera arte. Izan ere, 21:00etan bertsoak eta janak bat egingo dute, urtero hainbat lagun biltzen dituen
Bertso afarian, eta ostean,
erromeria egongo da.
Aurten, Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra eta Onintza Enbeita muxikarra ariko dira bertsotan. Dantza giroa, berriz, Laja IIak eta Lutxurdixok jarriko dute. Amaitzeko berakatz zopa eskainiko dute goizaldean.
Afariko txartelak Baskaran Estankoan eta Barinagako Kontzeju Zaharra tabernan eskuratu daitezke, 20 eurotan ikasle eta langabetuek eta 25 eurotan langileek.
Ibilaldia. Domekan [urtarrilak 22], pare bat orduko ibilaldia egingo da auzoko mendi eta baserrietan zehar, 10:30ean irtenda plazatik. Bestalde, 12:15eko mezaren ostean janariz betetako orgaren zozketa egingo dute. «Gure Esku Dagoren sinadurak bilduko dira jaietan», gaineratu dute jai batzordekoek.