Alex Rovira, Anne Igartiburu eta Mikel Renteria, barikuan, Markina-Xemeingo Lea-Artibai Ikastetxean
Entzute handiko hizlariak izango ditu aurten ere Markina-Xemeingo Lea-Artibai Ikastetxeak seigarren urtez enpresa mundura motibazioa eta baikortasuna igortzea helburu antolatu duen Ilusio Ponpak jardunaldian. Alex Rovira enpresari, ekonomialari eta nazioarteko aholkulariak, Anne Igartiburu aurkezleak eta Mikel Renteria gaixotasun neurodegeneratiboen ikerkuntzarako terapiak bilatzen dituen The Walk On Project fundazioko buruak baloreek eta jarrerek erronkak lortzeko daukaten garrantzia azalduko dute.
Creer, crear, lograr hitzaldia emango du Alex Rovirak, psikologiak ekonomia nola sortzen duen azaltzeko. La buena suerte. Claves de la prosperidad lanaren egilea da Rovira. Lan hori 42 hizkuntzara itzuli da, eta liburuaren 3 milioi ale saldu dira. “Pertzepzioek, pentsamenduek, emozioek, sentimenduek, jarrerek, baloreek eta printzipioek prozesuen eta giza emaitzen kalitatea baldintzatzen dute. Horregatik garrantzitsua da norbanako zein taldeko psikologia egokia sortzea, partaide garen giza sistemaren bilakaera eta aldakuntza baikorra lortzeko”, azaltzen du Lidergoaren Psikologian mundu mailako aditu entzutetsuenetarikoa denak.
Anne Igartiburu TVEko aurkezlea da orain dela 22 urtetatik, eta estatu zein nazioarteko profesionalen eskutik coach prestakuntza jaso du. Erronka berrien aurrean jarrerak duen garrantziaz hitz egingo du La actitud ante nuevos retos izeneko hitzaldian.
Mikel Renteriak, berriz, Porque la felicidad es una decision hitzaldia emango du. Renteria Goi-mailako ingeniaria da telekomunikazioetan eta masterra egin du enpresa kudeaketan. Esperientzia handia dauka, gainera, industria alorreko enpresen zuzendaritzan. 2010az geroztik, The Walk On Project (WOP) Fundazioaren buru da, gaixotasun neurodegeneratiboen ikerkuntzarako terapiak bilatzea helburu duen fundazioarena.
09:30ean hasiko da jardunaldia Lea-Artibai Ikastetxeko Esperantza eraikinean, eta ikastetxetik jakitera eman dutenez, giza baliabideetako ehun profesional baino gehiago elkartuko dira bertan.