Zortzi kolore, hamaika aldarrikapen, herri oso bat! lelopean, birfundazio prozesuaren baitan barrura begira egindako lan gogorraren ostean, kalerako prest daudela adierazi nahi dute Lekeition. Horretarako, Sorturen izar koloretsua irudikatuz argazkia aterako dute
domekan [urtarrilak 22],
12:30ean,
Independentzia plazan, eta ekimen horretan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Suziri bidez egingo da ekimenera jaisteko deia, domeka goizean bertan, eta plazan batuko dira parte hartu nahi duten guztiak. «Gaur egingo den herriko azken herri batzarraren eta zapatuko kongresu nazionalaren osteko ekimena da», jakitera eman dute.
Sorturen izarra irudikatuko dute, argazkia ateratzeko.
Zerrenda Galarrenan. Ekimenean parte hartzeko zerrendak zabaldu dituzte Galarrenan. Azaldu dutenez, Sorturen ikurra den izarra osatzen duten
koloreetako bat aukeratu behar da, kolore horretako kamisetagaz joateko, eta dagokion zutabean izena jartzea besterik ez da egin behar.
Zerrendaren helburu nagusia antolaketa erraztea dela argi utzi nahi izan dute antolatzaileek. Izan ere, irudiaren tamaina aurreikusi behar dute dena behar bezala antolatzeko. Hala ere, domekako argazkira azaltzeko izena aldez aurretik ematea ez dela beharrezkoa azpimarratu dute. Koloretako kamisetak eta bestelako elementuak ere bertan edukiko dituzte nahi dutenentzat.
«Herritarrei dei egin nahi diegu Euskal Herri koloretsu baterantzako bidea elkarregaz egiteko, asko dugu-eta irabazteko».