Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu eta bultzatzeko Zirgari Sariak 2017 sariketako hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu dute Bizkaiko Foru Aldundian eta BBK-k. Pertsona, erakunde eta enpresen lana aitortzen duten sari horietarako
proposamenak berdintasuna@bizkaia.eus helbide elektronikora
bidali behar dira,
otsailaren 10era bitartean.
Lau kategoria daude: Ohorezko saria, Emakumeenganako indarkeriaren aurkakoa, Ahalduntzea eta balioen aldaketa eta Erantzukidetasuna eta kontziliazioa.
Ohorezko sariak pertsona fisiko batek edo gehiagok emakumeen eskubideen zein emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egindako ibilbidea saritzen du. Bigarren kategorian, emakumeenganako indarkeriaren kontra egindako lanagatik nabarmendu den erakunde bat edo gehiago sarituko dute.
Iazko saridunak. Argazkia: BBK
Beste kategoria bietan balioen aldaketan eta emakumeen ahalduntze pertsonal, kolektibo eta sozialaren, eta antolaketa sozial erantzukidearen, denboraren erabilera berrien eta kontziliazio erantzukidearen aldeko lanetan nabarmendu den erakunde bat edo gehiagoren jarduna eskertuko dute.
Sari banaketa, martxoan. Herritarren proposamenak jaso ostean, zortzi herritarrez osatutako epaimahaiak erabakiko ditu saridunak zeintzuk diren. Epaiamahai burua Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua izango da, eta epaimahaiburuordea Gorka Martinez Salcedo BBK-ren zuzendaria.
Martxoaren 7an banatuko dituzte sariak. Ohorezko kategoriak ez du sari ekonomikorik, baina beste hiruretako saridunek 6.000 euro jasoko dituzte.
Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz bizkaitarrek dituzten iritzi eta proposamenak jasotzen ari dira, eta inkesta Internet bidez bete behar da (urtarrilaren 31ra arteko epea dago)
Foru Araua. Bestalde, aldundiaren Bizkaiko Berdintasunerako Foru Arauari buruzko inkesta 1.400 pertsonak baino gehiagok bete dute dagoeneko.
Aldundiak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan bete beharreko ildo edo printzipioak zein helburuak zehaztuko ditu Foru Arauak.
Behin betiko testua datozen hileetan onartuko dute, baina, aurretik emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz bizkaitarrek dituzten iritzi eta proposamenak jasotzen ari dira. Era berean, adituen iritzia ere bilduko dutela jakitera eman dute.
Inkesta Internet bidez bete behar da, eta
urtarrilaren 31a arteko epea dago horretarako. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea bete behar du arauak. Lege hori erreferentziazko legea baita Gipuzkoako Lurralde Historikoko Berdintasunerako Foru Arauarekin batera, Bizkaiko Lurralde Historikoaren proiektua egiteko.