Txomin Agirre ikastolako ikasleen eskutik, robotikari buruzko erakustaldia egingo da zapatuan [urtarrilak 21], 10:00etatik 13:00etara, Ondarroako Alamedan.
Oro har, roboten muntaketa zelan egiten den, zelan programatzen diren, edota erabilera zelako den erakutsiko dute proiektuan parte hartu duten ikasleek. Antolatzaileek iragarri dutenez, ziklo guztietako ikasleek parte hartuko dute erakustaldian, eta bakoitzak bere mailako robota sortuko du. “Gela barruan egiten duguna zelan egiten dugun eta zer helburugaz egiten den kalera atera nahi dugu. Herritarrek robot bat egiteko prozesua hasieratik bukaerara arte ikusteko aukera izango dute. Horrez gain, ikasleei egiten ari direnari buruzko galderak egiteko aukera ere edukiko dute”.
Dozena bat robot egongo dira ikusgai, eta ikasleen ezagutzaren eta mailaren arabera, robotek ere gaitasun gehiago edo gutxiago izango dute. Txikienek, esate baterako, robotak muntatuko dituzte, eta egindako robotak nahikoa sinpleak izango baldin badira ere, nagusienenak programatutako androideek, ostera, aginduak bete, eta beste hainbat eginkizun bete beharko dituztela jakitera eman dute. “Jardueraren hasieran erronka bat proposatuko diegu ikasleei, eta robotak erronka hori gainditzen saiatuko beharko dira”.