Eguaztenean [urtarrilak 18] eman zioten hasiera Bizkaiko txotx denboraldiari. Eta horretan parte hartu zuten, besteak beste,
Lea-Artibaiko sagardo ekoizleek eta baita ere Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek. Denboraldiari hasiera emateko Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak antolatutako ekitaldia, baina, aldundiak Bizkaiko sagardo ekoizleekin elkarlanean abiaraziko dituen lankidetza ekimenen berri emateko ere baliatu zuten.
Txotx denboraldiari hasiera emateko ekitaldia. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Alde batetik, bertoko
sagar mota desberdinen sailak landantzen hasiko direla iragarri zuen Elena Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak; sail horiek Zallan dagoen fruta sektorerako eta sagardo eta txakolinaren ekoizleen sektorerako esperimentazioko eta ezagutzaren transferentziako Frutagintza Estazioan ezarriko dira, esan dutenez, erabili beharreko sagar barietate egokienak hobeto definitzeko. “Horrez gain, Zallako zentroan baita ere, hobekuntza agronomiko eta teknologikorako prestakuntza sistemak ezarriko dira”.
Bizkaiko sagardoaren jatorri izenak sagar ekoizleei laguntzeko ere balio behar duela aldarrikatu du Bizkaiko Foru Aldundiak
Bi berrikuntza horiek Bizkaiko sagardo ekoizleen sektorearei laguntzeko estrategien baitan kokatu nahi izan du aldundiak. “Eta sagardo sagarraren zukuei buruzko azterlan bati ere helduko zaio. Hori, hain justu, baliagarria izan daiteke sagardo sagarra dibertsifikatzeko eta horri balio erantsia emateko”. Unzuetak azaldu zuenez, lan hori sektorearekin modu koordinatuan egingo da. “Jarduerak sektorean lan egiten duten elkarteekin adostuko ditugu”.
Jatorri izena. Bestalde, Bizkaiko sagardoaren kalitatea berresteko, jatorri izena ere aipatu zuen Unzuetak. “Jatorri izena urrats handia da sagardo ekoizleen sektorearentzat. Baina sagarraren ekoizpenaren arloan ere pisu espezifikoa eduki behar du”. Gainera, jatorri izenak sagar ekoizleei laguntzeko ere balio behar duela aldarrikatu zuen foru diputatuak.
Txotx denboraldiari hasiera emateko ekitaldi horretan parte hartu zuten baita ere Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak, Aitor Intxaurraga Bizkaiko Sagardogileen Elkarteko presidenteak eta aurten
Bizkaiko sagardoaren enbaxadore Andoin Aizpuru kazetariak.
Bizkaia sagardo ekoizleak, tartean Lea-Artibaikoak, denboraldiari hasiera emateko ekitaldian. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia