Ondarroako Aurrerak Bermeo hartuko du etxean
Aurrerak eta Bermeok elkarren kontra lehiatuko dute 3. mailako 22. jardunaldia, zapatuan [urtarrilak 20]. Neurketa 16:30ean hasiko da Zaldupen.3. mailako 4. multzoko sailkapenean bosgarrena da talde bermeotarra–34 puntugaz–, ondarrutarrak, berriz, hamaseigarrenak dira–22 puntugaz–.
2016-2017 denboraldia hasi zutenetik, Aurrera KEk bost garaipen eta zazpi berdinketa lortu ditu; bederatzi partida galdu ditu. Bermeo FTk, ostera, zortzi partida irabazi, hamar berdindu, eta hiru galdu ditu.
Porrota liderraren kontra. Talde ondarrutarrak 2-0 galdu zuen zapatuan [urtarrilak 14] Alaves B sailkapen buruaren kontra. Azken hamar minutuetan lortu zituen etxeko taldeak garaipenaren golak. 81. minutuan Asierrek sartu zuen 1-0ekoa, eta 90. minutuan Paulinok sartu zuen arabarren bigarren gola.
Bestalde, aurreko asteburuan etxean lortu zuen talde bermeotarrak azken garaipena Santutxuren kontra. 2-0 nagusitu zen; Ukeldik 8. minutuan sartu zuen lehen gola, eta partida amaitzear zegoela, Carlosek egin zuen bigarrena.
Santutxuko taldeak bederatzi jokalarigaz amaitu zuen norgehiagoka. Izan ere, azken ordu laurdenean epaileak txartel gorria atera zien Ibai atezainari eta Aranbarriri.