Bermeoko hiru harategi saritu dituzte Mungian
San Antontxu jaietako barazkiz egindako buzkentzik gozoena Landabaso harategiarena izan da, eta bigarren saria jaso du Jeronimok. Txorizo txapelketako bigarren saria, berriz, Barturenek hartu du.Aurten ere, ez dira esku hutsik bueltatu Bermeoko harakin...
San Antontxu jaietako barazkiz egindako buzkentzik gozoena Landabaso harategiarena izan da, eta bigarren saria jaso du Jeronimok. Txorizo txapelketako bigarren saria, berriz, Barturenek hartu du.
Aurten ere, ez dira esku hutsik bueltatu Bermeoko harakinak Mungiatik; San Antontxu jaietako 21. Euskadiko txorizo eta odoloste txapelketan hiru harategi saritu dituzte. Epaimahaiaren arabera, Landabaso harategiarenak izan dira barazkiz egindako buzkentzik gozoenak. Bigarren saria jaso du, berriz, Jeronimo harategiak. Txorizo gozoak ere egiten dira herrian, Barturen harategiak jaso baitu txorizo txapelketako bigarren saria.Esperientziadunak dira Landabaso harategiko Gil anaiak. Gurasoengandik jaso dute buzkentzak egiteko errezeta, eta modu berberean egiten jarraitzen dute. Bigarren urtez jarraian jaso dute barazkiz egindako buzkentzik onenaren saria. Hala ere, sari asko dituzte, eta denek poztasuna ematen dutela diote: «Harrotasunez betetzen gaituzte», dio Iñigo Gilek. Hala, hiru txapel dituzte arrozez egindako buzkentzengatik, eta beste hiru, barazkiz egindakoengatik. Mimoa dela sekretua aipatu du. Era berean, buzkentzek lan handia ematen dutela gogorarazi du; «ordu asko, usaina… gu, baina, ohituta gaude».
Pozik sariekin
Jeronimo Mateos harakina ere, «pozik» zegoen atzo harategian. Jeronimoren buzkentzak oso ezagunak dira, sari ugari jaso baitituzte. Aurten, barazkiz egindako buzkentzen kategorian, bigarren saria jaso du Mungian. «Egiten ditudan buzkentzak onak direla erakusten du sariak, eta urtero-urtero, manten- du egiten naiz», dio Mateosek. Hainbat urtez jarraian Bermeoko San Martin jaietako buzkentz txapelketaren irabazle izan ostean, iaz ez zuen saririk jaso. Bermeoko harakinak esan du, ez dakiela zer gertatu zen. Hala eta guztiz ere, «ekinean eta gogotsu» lanean jarraituko duela gaineratu du: «Betiko moduan jarraituko dut, ondo prestatzen eta ondo egiten. Garrantzitsuena da jendea nire produktuarekin pozik egotea».
Barturen harategiko arduradun Joseba Barturenek ere «pozik» jaso du sanantontxuetako txorizo txapelketako bigarren saria. Txorizoengatik sariak jasotzen dituzten hirugarren aldia dela dio, eta buzkentzengatik ere badituzte hainbat. Sariak lana «aitortzeko» modu bat direla uste du, hala ere, «azkenean bezeroa da lan hori aitortu behar duena». Bestalde, Barturen harategiko produktuek «sekreturik ez» dutela dio: «Bertoko txerriak erabiltzen ditugu beti, bertoko barazkiak eta bertoko txorizeroa, besterik ez dago. Bertokoa erabilita, bertoko produktua balioan jartzeko ahaleginak egiten ditugu. Genero ona erabiltzeak produktu ona dakar».
Mungiako txapelketak «Bermeon kalitatea dagoela» erakutsi dutela diote hiru harategien arduradunek; «herrian arraina baino gehiago dagoela erakusten dugu».