Ia urtebete pasa ondoren, Kamiñaldeko lur jausiari buruzko iritzia eman nahi izan du
Eguzki talde ekologistak. “Orain arte ezer esan ez badugu, etxetik kanpora zeuden herritarrei errespeturik ez faltatzeko izan da. Gure elkartasuna erakutsi nahi diegu oraindik etxetik kanpo dauden San Ignazioko bizilagunei. Espero dugu ahalik eta arinen bueltatzea etxera, eta mendiko harriek eragindako apurketak konpontzeko laguntzak jasotzea. Halako egoeretan herritar guztion elkartasuna beharrezkoa da”.
Euren iritziz, Kamiñaldeko mendia jausten hasi eta gero egin diren lanak Ondarroak azkenengo hamarkadetan eduki duen “hondamendi ekologiko eta sozialik handiena” izan dira. “Hondamendi ekologikoa dela iruditzen zaigu milaka eta milaka tona harri kendu direlako, eta horretarako makinak goiz eta gaba egon direlako lanean, energia kopuru izugarriak gastatzen. Hondamendi soziala dela deritzogu, berriz, dirutza publikoa gastatu behar izan dugulako mendia jateko. Eta oraindik ez dakigu herria zenbat urterako geratuko den hipotekatuta”.
Eguzkik agertu duenez, komunikabideen bidez jakin dute udalak ikerketa bat agindu duela zer gertatu den argitzeko. “Ikerketa horren arabera, mendiak jausteko
arriskua zuela esaten zuen txosten bat baino gehiago egon zen 2002. urtetik aurrera. Etxeak egin aurretik, eta egiten ari zirela, hain zuzen”.
Kamin?aldeko mendi magalean egiten ari diren lanak
Informazio horren berri edukita, txosten horiei kasu egin ez zioten politikari eta teknikarien
ardurak argitzeko eskatu du Eguzkik. “Ondarroan aurretik ere gertatu izan dira horrelakoak. Gogoratu Alleriko etxebizitzen proiektu ilegala, moilako etxeetako arrakalak, portuko harriak… milioika euro publiko alperrik galdu dira proiektu horietan, eta inoiz ez da arduradun politiko edo teknikorik epaitu. Edozer eta edozelan egitea ezin da libre egon. Momentuz, txarto egindako obra honen ondorioak ordaintzen ari diren bakarrik errurik gabeko San Ignazioko bizilagunak dira. Errurik eduki barik, amesgaizto hau bizitzea tokatu zaie”.
Gertatu den guztia ikusita, aspalditik esaten dutena errepikatzen dela azpimarratu dute. “Ondarroa ezin da gehiago hazi. Lur gehienak eraikuntza eremu bihurtu dira, eta etxeak egitekotan, gero eta
lur arriskutsuagoetan egin behar ditugu. Eta ikusi dugu hori egiteak zelako ondorioak dituen. Ondarroan merke, azkar eta ondo eraikitzea amaitu da. Agian gure pentsatzeko modua aldatu behar dugu: gure herria beste modu batera garatzen ikasi behar dugu, herri barruko espazioa hobeto aprobetxatuta, jausten dauden eraikinak konpondu eta berrerabilita, hutsik dauden etxeak egokitu, eta jendearen eskura ipinita”.
Talde ekologistako kideek adierazi dutenez, mendiko obrak ahalik eta arinen amaitzea espero dute, etorkizunean behean dauden etxebizitzetan arriskurik ez egoteko. “Espero dugu etxetik kanpora dauden herritarrak eruen etxeetara buelta egitea, eta euren bizitza normalarekin jarraitu ahal izatea”. Gaineratu dutenez,
hondamendiaren arduradun politiko eta teknikoa aurkitzea ere espero dute. “Espero dugu herritarrok gertatu denari buruz gogoeta sakon bat egitea, etorkizunean halakorik ez pasatzeko”.