Berriatuako eta Ispasterko Sahararen aldeko bilketak datorren astean amaituko dituzte
Saharara bidaltzeko janari eta arropa biltzen dabiltza hileon Berriatuan eta Ispasterren, eta herritarrek astelehenera arte dute gauzak uzteko aukera.
Berriatuko Udalak herrialde sahararraren aldeko 13. Euskal Karabanagaz bat eginez, 2.500 euroko ekarpen ekonomikoa egin eta elikagaiak biltzeko kanpaina jarri zuen martxan hilabete hasieran. Ordutik, udaletxean hari dira berriatuarren ekarpenak jasotzen (08:00etatik 15:00etara).
Azaldu dutenez, momentuz ez dute janari asko batu, eta azken egun hauetan bizilagunak animatzea espero dute. “Hasierako urteetan gauza gehiago batzen genuen, gero urte batzuetan ez da bilketarik egin, eta aurten berriro egitea erabaki dugu”.
Era berean, nahi duenak ekarpen ekonomikoa egiteko aukera ere badu. Ondoko kontu korrote zenbakira sartu behar dute dirua: 3035-0080-94-0800054177 (Laboral Kutxa). Edozein zalantza argitzeko telefono zenbaki hau eman dute: 619 02 97 48.
Bestalde, Ispasterko udalak ere hilabete hasieran ekin zion arropak, mantak eta elikagaiak batzeari. Ispastertarrek Iñigo Egiluz aretora eroan behar dituzte, eta bihar eta astelehena dira horretarako azken egunak (17:30etatik 19:30era jasotzen dituzte).
Halaber, aurreko domeketan legez, oraingoan ere elizan bilduko dituzte.
Udalaren deialdiari erantzun ona eman diete bizilagunek, eta dagoeneko kopuru polita bildu dute.
Berriatuan nahiz Ispasterren, batik bat atuna eta sardinak oliotan, azukrea, arroza eta lekaleak behar dituzte. Bestalde, konpresak ere jasotzen dituztela jakitera eman dute.