Zabalik dago Euskadi-Akitaniako sortzaileen mugikortasunerako programaren bigarren deialdia

Vers un Ecosystème Créatif Transfrontalier: Euroeskualdeko Sorkuntzarako Mugikortasun Programa deritzon egitasmoan parte hartzeko bigarren deialdia zabalik da. Parte hartu nahi duten Debabarreneko artista eta sortzaileek otsailaren 17ra arte dute eskaera aurkezteko aukera. Egitasmoa Eusko Jaurlaritzako Aquitaine-Euskadi 2016 proiektuen deialdiko bigarren saioan kokatzen da, eta Jaurlaritzak diruz lagundutako mugikortasun programak 24 gazte –12 lagun eskualde bakoitzeko– sortzaileren mugikortasuna ahalbidetuko du Euroeskualdean “ekosistema sortzailea” indartzeko asmoz. Debegesa Garapen Agentzia ari da proiektuan parte hartzen, Buruntzaldea-Beterri, Getxolan, Inguralde eta Oarsoaldea garapen agentziekin batera. Elkartruke programaren bidez, parte hartzaileek 2-3 egunetan topaguneak konpartitu, sareak eraiki, ideiak konektatu, sinergiak bilatu eta ideia berrietan elkarlanean aritu ahal izango dute. Proiektuan parte hartu nahi duten Debabarrena eskualdeko sortzaileek Debegesaren web orrialdean aurkituko dute programari buruzko informazio guztia. Hori bai, eskatzaileek  enpresa proiektu bat edo sorkuntza-ekintzailetza egitasmo bat abian izan behar dute, ondorengo diziplinetako batean oinarrituta: ikus arteak, ikusentzunezkoak, diseinua, arte grafikoak, teknologia berriak, arkitektura, artisautza, moda eta bitxigintza.