Bizkaiko Pala Txapelketaren finalak jokatuko dituzte Lekeition
Bizkaiko Pala Txapelketako txapelen bat Lea-Artibaira etortzeko aukera handiak daude. Izan ere, asteburu honetan erabakiko dira 26. Bizkaiko kluben arteko pala txapelketaren maila guztietako irabazleak, eta final guztietan daude bertokoak.Lehen mailako...
Lehen mailako txapelak gaur bertan lehiatuko dira Barakaldon, beste maila biak, berriz, Lekeition jokatuko dituzte bihar arratsaldean.
19:00etan hasiko da Barakaldoko norgehiagoka. Zornotzako Betiko A eta Lea A aurkituko dira aurrez aurre. Talde biek maila ona erakutsi dute txapelketan, beraz, borroka bizia espero da.
Lekeitioko frontoiak hartuko ditu, beste alde batetik, 2. eta 3. mailetako finalak. 17:00etan hasiko dira, eta 3. mailako txapeldun eta txapeldunordeak erabakiko dira lehenbizi. Lea Bk Zeanuriko Joko Alai taldearen kon- tra neurtuko ditu indarrak garaipena eskuratzeko. Jarraian hasiko da 2. mailako lehiaketa; Zierbana J eta Lekeitioko Akarregi A taldeen artekoa izango da norgehiagoka.
Sendotuz
Bigarren urtea da Akarregi Pilota Kirol Elkarteak Pala modalitatean parte hartzen duena. Bi urte hauetan taldea sendotuz joan da, eta aurtengo denboraldian hiru bikote federatu aurkeztu dira, ordezkoak kontuan izanez gero, hamar pilotari. Taldeak ilusioz beteta hasi du denboraldia, eta aurrera begira ere bikote berriak aurreikusten dituzte.
Emaitza onak ere ailegatu dira, gainera. Bigarren eta hirugarren mailetan jokatu dute hiru bikoteek, eta final laurdenetara heldu ziren guztiak. Asteburu honetan bigarren mailako txapelagatik borrokatuko dute.
Lea Ibarrako herrietako pilotariak batzen dituen Lea Ibarra Motrollo taldeak urte batzuk darama pala modalitatean emaitza onak pilatzen. Oraingoan ere bi txapel dituzte atarian, lehen mailakoa eta hirugarren mailakoa, eta horiek lortzeko ahaleginak egingo dituzte gaur eta bihar.