Markinaldeko Merindadeko bertso batzar nagusi bihurtuko da Akerbeltz
Bederatzigarren bertso txapelketa jokatuko da bihar gauean, gaztetxean. Bertsoak eta historia uztartuko ditu herriko gazte asanbladak antolatutako saio bereziak. Afaria ere antolatu duteLehenagoko garaietara itzuli eta Sagastigurenen egiten ziren Marki...
Bederatzigarren bertso txapelketa jokatuko da bihar gauean, gaztetxean. Bertsoak eta historia uztartuko ditu herriko gazte asanbladak antolatutako saio bereziak. Afaria ere antolatu dute
Lehenagoko garaietara itzuli eta Sagastigurenen egiten ziren Markinaldeko Merindadeko batzar nagusietako bat irudikatuko dute bihar, Akerbeltz gaztetxean jokatuko den bederatzigarren bertso txapelketan.Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak Markinaldeko historia gogora ekarri nahi izan du, oraingoan, era entretenigarri batean. Bertsoek eta historiak bat egingo dute, beraz, 22:00etatik aurrera gaztetxean. «Orain zer garen jakiteko zer izan ginen jakin behar dugu», diote gazte asanbladakoek.
Harrizko lau jarrileku betetzen zituzten Markina, Xemein, Etxebarria eta Ilunzar eta San Martin Murua kofradietako ordezkariek, eta oraingoan ere horrela egingo dute. Bi bertsolarik kantatuko dute ordezkaritza bakoitzeko: Marquiñako baserritarren ordezkariak izango dira batzuk, Jemeingo jaun onac besteak, Marquiñaco merkatariac hartuko dute beste jarrileku bat eta Etxebarriaco kondeac azkena.
Txartelak, salgai
Bertso saioagaz gainera, afaria ere egongo da gaztetxean, 20:30ean. Afarirako eta bertso saiorako txartelak Patxua eta Buztarri tabernetan eros daitezke, eta dagoeneko azkenak geratzen direla jakitera eman dute gazte asanbladako kideek.
Afariak eta saioak 7 euro balio dituzte, bertso saioak bakarrik 2 euro, eta aukera biak aurkitu daitezke salmenta puntuetan.
Gaztetxeko mahaiaren inguruan egingo dute biltzarra txapelketan bertan ezagutzera emango diren zortzi bertsolariek. «Ordezkari bikote bakoitzak bere sorterriaren interesak ezagutu eta defendatu beharko ditu kantuan», aitatu dute bakarrik antolatzaileek.