Urteko batzar nagusia egingo du bihar Artibai Mendigoizale Taldeak
Artibai Mendigoizale Taldeak urteko batzar nagusia egingo du bihar, Uhagon kulturgunean. 18:00etan jarri dute ordua batzeko, kulturguneko bigarren solairuan dagoen aretoan, eta bazkide guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.2016 urteko ekintzen balor...
2016 urteko ekintzen balorazioa egiteagaz gainera, 2017ko egutegia aurkeztuko du mendigoizale taldeak. Beste mendigoizale taldeekin batera antolatzen dituzten irteeren eta Markina-Xemeingo taldeak berak antolatzen dituen ekintza berezien berri emango dute.
Horrez gain, taldearen aurrekontuaz ere jardungo dutela jakitera eman dute, eta 2016an aurrera eramandako ekintza bi aztertuko dituzte, besteak beste: Markina Markina martxa eta Max-Kalamuan, Markina-Xemein, Etxebarria eta Elgoibar banatzen diren mugarriaren ondo-ondoan jarri duten orientazio mahaia.
Galdera-erantzunen tartearen ostean, mokadutxoa hartzeko aukera egongo da.