XII. Beteranoen Eskuz Binakako Txapelketaren partida guztiak jokatu ziren atzo [urtarrilak 29], Lekeitioko trinketean. Lau partida zituzten aurreikusita, eta lehia bizia egon zen lauretan.
Partida oso orekatua eta pilotakada askokoa jokatu zuten lehenengo
Telleriak
eta Condek
Orbearen
eta Arrateren kontra. Partidaren erdi inguruan, Telleriak, sakeaz baliatuz, abantaila polita hartu zuen, eta Conderen laguntzagaz zazpi tantoren abantaila hartu zuten. Orbea saiatu egin zen aurrean, baina tanto oso politak egin arren, ezin izan zuen abantaila murriztu. Azken unean, lau tantora jarri ziren, baina irabazleak ez zeuden prest euren lehen puntua galtzeko, eta ondo lotu zuten puntu hori, amaiera serio eta ziur bat jokatuz. 30 eta 24 gelditu zen markagailua Telleriaren eta Conderen alde.
Etxeberria, Beraza, Astigarraga eta Egaña pilotariak, Izarra epaileagaz. Argazkia: Beteranoen Eskuz Binakako Txapelketa
Astigarraga eta Egañak 30 eta 21 irabazi zuten
Beraza eta Etxeberriaren kontra jokatu zuten eguneko bigarren norgehiagoka. Irabazleak hasieratik 15 eta 2 jarri ziren, eta galtzaileak, nahiz eta nabarmen saiatu, ez ziren gai izan Astigarragaren erremateak ekiditeko. “Bera izan dugu partidako jokalaririk onena, aurkariak bere musika eta erritmora dantzaz jarriz”, adierazi zuten antolatzaileek. Belauneko minez erdi herren jokatu zuen Etxeberriak hasieran, baina berotu ondoren ondo bete zuen bere lana.
Borroka handia egon zen eguneko hirugarren partidaren hasieran.
Berazak
eta Etxeberriak bigarren partida bat jokatu zuten jarraian, oraingoan
Jaunarena eta Fosterren kontra. Hala ere, nekearen ordez kokapen hobea eta beroketa ona erakutsi zuten kantxan, eta azkenean, 30 eta 20 irabaztea lortu zuten. “Esan beharra dago Jaunarena nafarrak ez zuela zorte handirik eduki, lau edo bost txapa jo zituen tanto garbiak zirenak”, azaldu dute antolatzaileek. Etxeberria, berriz, oso ondo eta seguru ibili zela gaineratu dute, eta Foster ere bere mailan. “Beraza izan zen jokalaririk onena, eta tanto politenak egin zituena”.
Azken partida
Moral eta Laka eta
Jaunarena eta Fosterren artekoa izan zen. “Moralek egun borobila izan zuen, eta jaun eta jabe izan zen partida osoan. Sake bikainak zuzenean sarera eta aurrean erremate bortitzekin abantail nabarmena atera zuen markagailuan”. Fosterrek, berriz, nahiz eta hasieran oso ondo eutsi, Lakaren pilotakadak eta aurrelarien hutsunea ondo gordeta, partidaren erdi inguruan nekea nabaritu zuela zehaztu dute arduradunek. Horrela, 30 eta 14 irabazi zuten Moralek eta Lakak. “Lekeitiarrak eta mendexarrak bikote menderaezina osatzen dute, beraz”.
Txapelketa erritmoa hartzen hasi da, eta datorren
domekan [otsailak 5] ligaxkako laugarren jardunaldia jokatuko dute.
Lau partida aurreikusi dituzte domekarako:
- 09:30ean: Orbea-Arrate/Beraza-Etxebarria
Orbea eta Arrate txapelketan estreinatu barik daude, eta azkenaurrekoetarako sailkatu nahi badute hurrengo bi partidetan ezin dute hutsik egin. Bi partida irabazita, elgoibartarrak zuzenean pasatuko dira norgehiagoka irabaziz gero.
- 10:15ean: Moral-Laka/Telleria-Conde
Telleria iazko txapelduna maila ezin hobea erakusten ari da, eta Conderen laguntzagaz, partida aurrera ateratzeko faboritoak dira. Hala ere, Moralek joan den domekan erakutsi zuen maila mantenduz gero, Lakak ondo aginduta, ezustekoa ere eman dezakete.
- 11:00etan: Telleria-Conde/Jaunarena-Foster
Aurreko asteetan egondako hezetasunaren ondorioz jokatu barik geratu ziren partidak berreskuratu asmoz jarri dutela partida hau azaldu dute antolatzaileek. “Telleriak eta Condek nekatuta amaitzen badute, Jaunarena aurrean ondo moldatu daiteke, eta Fosterren atzeko ziurtasunagaz zailtasunak sortu, partida aurrera ateratzeko”.
- 11:45ean: Jaunarena-Foster/Astigarraga-Egaña
62 urtegaz, Debako Astigarraga bihurtu da aurtengo txapelketako ustekabea, eta orain arteko maila erakusten badu, partida horretako faboritoak izango direla diote antolatzaileek. “Baina Jaunarena eta Foster maila ona ematen ari dira, eta Fosterrek nekea ez badu nabaritzen partida gogorra izan daiteke”.