Eguraldia lagun, udalerriko iturri, urtegi eta erreketatik barrena ibilaldia egin zuten amorotarrek zapatuan [urtarrilak 28]. Goiztiarrenak 09:00etan irten ziren herriko plazatik hamabi kilometro pasatxoko ibilbidea egiteko, eta 10:30ean abiatu ziren zazpi kilometro eta erdiko ibilbidea egin zuten herritarrak.
Argazkia: Amorotoko Kultur Taldea
Zein bere martxan, udalerriko zenbait txoko ederretatik burutu zuten Amoroto Ezagutuz martxa, eta besteak beste, Elorran Urgozua eta Tox iturrien, Talo putsuaren, Babolina eta Zulueta urtegien eta Kastilo eta Atxurra erreken paretik ibili ziren.
Argazkia: Amorotoko Kultur Taldea
40 pertsona inguru elkartu ziren zapatuan. Amoroto Kultur Taldeko kideek balorazio oso ona egin dute, eta martxan zein bazkaritan izandako giro polita nabarmendu dute: “Eguraldia lagun izan genuen, eta horrek ibilbideaz gozatzeko aukera eman zigun. Oso gustura egon ginen, eta batzuek inoiz ikusi gabeko iturriak ezagutzeko aukera izan zuten”.
Argazkia: Amorotoko Kultur Taldea