Hamarkadaz hamarkada eta frontoirik frontoi mundu osora zabaldu zen zesta-punta eta puntistak dira oraingoan, Garaian Kultur Elkarteak kaleratu berri duen Garaian aldizkariaren zenbaki berriaren muina. 52. zenbakiaren azalak berak iragartzen duen modura, garai ezberdinetako bizipen eta protagonistak bildu dituzte zenbaki berriaren 45 orrialdeetan barrena. Azalean ageri den argazkia, 1959 edo 1960 urtean Daytonako frontoian ateratakoa dela jakitera eman dute Garaian Kultur Elkartekoek, eta bertan, Markina-Xemeingo garai ezberdinetako pilotari bik bat egiten dute: kirolari ibilbideko azken urteak egiten ari zen Imanol Ibarluzea Itxulapiko, eta bere ibilbidea hasten zegoen Juan Mari Bengoa Txino.
Hasierako elkarrizketekin ere zerikusia dauka argazkiak. Izan ere, hiru elkarrizketa daude hasieran, lehenengoa Imanol Ibarluzeari egin ziotena eta aldizkarian jaso dutena, bigarrena Juan Mari Bengoari egin diotena eta hirugarrena Izaro Arberi egindakoa. Hiru garai, eta beraz, zesta-puntaren hiru ikuspuntu ezberdin.
Imanol Ibarluzearen alabak helarazi zien elkarrizketa eta Patxi Juaristik transkribatu du osorik. “Lehenako pilotaren ikuspuntua ematen du, hasierako pilotarien bizipenak. Garaia haietan, mundu guztian zehar zelako bidaiak egiten zituzten besteak beste”, azaldu zuen Uhagonen egindako zenbaki berriaren aurkezpenean, Betikone Aretxabaleta Garaian Kultur Elkarteko kideak.
Frontoi askotan ibili zen Imanol Ibarluzea: Zaragozan (Espainia), Vigon (Galizia), Madrilen (Espainia), Bartzelonan (Katalunia), Tangerren (Maroko), Filipinetan bai eta Tijuanan (Mexiko).
Elkarrizketan azaltzen duenez, gaztetatik ibili zen pilotan Ibarluzea, eta bere debuta 16 urtegaz egin zuen. “Lehen argazkia Zaragozakoa (Espainia) da, 1938 urtekoa, eta 17 urte zituen. Adin horiekin edo aurretik ere debuta egitea ohikoa zen. Ume pilotariak egoten ziren, taldean tutore bategaz Madrilera (Espainia) edo beste frontoi batzuetara jokatzera joaten zirenak”, azaldu zuen Aretxabaletak. Imanol Ibarluzearen tutorea Genaro Arrate izan zen, Txorixanekoa.
Zapatuan kaleratuko duten Garaian aldizkariaren 52. zenbakiaren azala. Argazkia: Garaian Kultur Elkartea
Frontoi askotan ibili zen Ibarluzea: Zaragozan (Espainia), Vigon (Galizia), Madrilen (Espainia), Bartzelonan (Katalunia), Tangerren (Maroko), Filipinetan bai eta Tijuanan (Mexiko) ere, eta leku horietako argazkiak ere ikus daitezke zenbaki berrian. “Garai onak izan zirela jakitera ematen du. Azkenengo Floridan (AEB) egon zen eta bertan egin zuen bere kirolari ibilbideko azken partea. Toki bakoitzeko bizimodua kontatzen du”.
Bigarren elkarrizketako protagonista Juan Mari Bengoa Txino da. Bengoak 16 urtegaz debutatu zuen 1956 urtean Palman (Balearrak). “Lehen zesta 6 urtegaz oparitu zioten eta hurrengo 35 urteetan izan zuela eskuan dio. 17 urtegaz Kubara joan zen jokatzera eta Palacio de los gritos frontoi ezagunean jokatu zuen. 1959ra arte egon zen bertan, eta Kubako erreboluzioak harrapatu zuen. Gaba hura zelan igaro zuen ere kontatzen du”, zehaztu zuen Aretxabaletak. Gaineratu zuenez, Bengoa Floridara (AEB) joan zen Kubatik eta Daytonan, Miamin, Danian eta Bridgeporten ere jokatu zuen. “1981ean erretiratu zen jokatzetik eta gero, intendente jardun zuen 1988ra arte”.
Hirugarren elkarrizketak, Izaro Arberi egindakoak, gaur eguneko egoera irudikatzen du gehiago. Besteak beste, nesken zaletasuna eta zesta-puntan izan duten presentzia eta Xisteraren lana azaltzen ditu. Gainera, gaur egun, Markina-Xemeinen jokatzen duen nesken taldea ere aitatzen du.
Naroa Eskabias eta Betikone Aretxabaleta Garaian Kultur Elkarteko kideak zenbaki berria aurkezten Uhagon kulturgunean.
Familiak.Berbetan atalean pilotarien emakumeak batu dituzte, familien ikuspuntua ere jasotzeko. “Pilotariekin batera bikote, famili eta seme-alabak ere ibili dira munduan zehar, eta aldaketa handia izan da gehienentzat”. Horrela, elkarrizketarako Maria Rosario Barrutia, Mari Karmen Galdos, Amaia Urkidi eta Maite Arrazola batu dituzte. “Laurak joan ziren AEBra garai ezberdinetan eta euren ibilbidea zelakoa izan den jakin nahi izan dugu. Toki ezberdinetan egon ziren. Besteak beste AEBtako Miamin, Daytonan, West Palm Beach-en, Newport-en eta Danian, bai eta Tijuanan (Mexiko) ere. Aldaketa handia batez ere 60. hamarkadan joan zirenentzat”. Lau emakumeekin bizipenak, hizkuntzarekin gora beherak, frontoiko giroa eta urteen igaroan emandako aldaketaz jardun dute Garaian elkartekoek. “Esperientzia oso positiboa, polita, eta batzuetan gogorra ere izan dela kontatu digute”.
Aldizkarian argazki ugari ere aurkitu daitezke, Erretratuak atalean. Frontoiak egon diren munduko puntu ezberdinak bertora ekarri nahi izan dituzte, eta gehienbat argazki zaharrak dira
Atzera begira. Historian Barrena atalean, bestalde, Miguel Angel Bilbao zesta-punta zale eta ikertzaileak eta Patxi Juaristi soziologo eta idazleak idatzitako Zesta-punta eta pelotari puntistak eta Noizkoa da zesta-punta Markina-Xemeinen? artikuluak irakur daitezke. Bilbaok zesta-puntaren sorrerari buruz berba egiten du eta nazioarteko zabalkundea ere azaltzen du bere artikuluan. Munduko frontoi ezberdinak, pilotarien debutak, bidaiak, xarma… Bai eta momentu txarrak ere, estatu kolpe, gerra eta iraultza ezberdinetako lekuko izan ziren-eta pilotariak.
Patxi Juaristik, berriz, zesta-punta Markina-Xemeinen kokatu du eta XVIII. mendetik aurrera bertan jokatu diren pilota modalitate ezberdinak azaltzen ditu, eta horregaz lotuta egon diren frontoi ezberdinak ere, Arkupe inguruan zegoen El siete edo Beko losa izenez ezagutzen zen frontoia besteak beste.
Argazkiak. Aldizkariaren erdian, argazki ugari ere aurkitu daitezke, Erretratuak atalean. “Frontoiak egon diren munduko puntu ezberdinak ekarri nahi izan ditugu, eta gehienbat argazki zaharrak dira, zesta-punta munduan zelan zabaldu den adierazten dute”, aitatu zuen Naroa Escabias elkarteko kideak. Horrela, Filipinetako 1940ko argazkiak, Kuba eta Tijuanakoak (Mexiko), Milanekoak (Italia) eta AEBko frontoietako argazkiak bildu dituzte.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.