Mutriku Rugby Taldeak antolatuta, Mutrikuko III. Errugbi topaketak egingo dira domekan [otsailak 5], 10:00etatik 13:00etara, San Migel futbol zelaian. Urtero modura, Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako errugbizalez beteko da futbol zelaia. Antolatzaileek adierazi dutenez, 12 urtez azpiko eta 10 urtez azpiko 170 bat jokalari batuko dira topaketan.
Bi taldetan banatuta, Mutrikuko 12 urtez azpiko 22 gaztetxok parte hartuko dute topaketan, eta eurekin batera, Eibar, Donostiako Bera Bera eta Atletico San Sebastian, Hernani eta Gasteizko Gaztedi taldeetako kideak batuko dira berdegunean.
Iazko Errugbi topaketak. Argazkia: Mutriku Rugby Taldea
Ohi modura,
futbol zelaia lau zatitan banatuko dute. Bi zelaigunetan 12 urtez azpikoek –2005 eta 2006an jaioatakoak– jokatuko dute, eta beste bietan berriz, 10 urtez azpikoek –2007 eta 2008an jaiotakoak–. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, gainera, partida motzak jokatuko dituzte taldeek. “Bakoitzak launa partida jokatuko ditu. Gazteenek
10 minutuko partidak jokatuko dituzte, eta nagusienek, berriz, 12 minutukoak”.
Iragarri dutenez, “ekitaldi ikusgarria” izango da, eta harmailak betetzera gonbidatu dituzte herritarrak. Erakustaldia amaitzean, berriz, hirugarren denbora deritzona egingo dute, futbol zelaiko terrazan.