Giro ederrean, tipi-tapa, Amoroto Ezagutuz
Amorotoko Kultur Taldeak uraren ibilbidea prestatu zuen zapaturako. Herritarrek goiz pasa ederra egiteko aukera eduki zuten beste urte batez, eta, eguerdian, Epermendi jatetxean bapo bazkaldu zuten.Eguraldia lagun, udalerriko iturri, urtegi eta erreket...
Amorotoko Kultur Taldeak uraren ibilbidea prestatu zuen zapaturako. Herritarrek goiz pasa ederra egiteko aukera eduki zuten beste urte batez, eta, eguerdian, Epermendi jatetxean bapo bazkaldu zuten.
Eguraldia lagun, udalerriko iturri, urtegi eta erreketatik barrena ibilaldia egin zuten amorotarrek zapatuan, Amoroto Ezagutuz martxaren bidez.Kirola eta kultura uztartzen dituen urteroko hitzordura ez zuten hutsik egin gura izan herritarrek.
Goiztiarrenak 09:00etan irten ziren herriko plazatik, 12 kilometro pasatxoko ibilbidea egiteko, eta ordubete eta erdi beranduago abiatu ziren 7 kilometro eta erdiko ibilbidea egin zuten herritarrak.
Zein bere martxan, udalerriko zenbait txoko ederretatik burutu zuten Amoroto Ezagutuz martxa. Hain zuzen ere, Elorran Urgozua eta Tox iturrien, Talo putsuaren, Babolina eta Zulueta urtegien eta Kastilo eta Atxurra erreken paretik ibili ziren, besteren artean.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, 40 pertsona inguru elkartu ziren zapatuan.
Ibilbide luzea zein laburra egin zuten bizilagun gehienek herriko Epermendi jatetxean bazkaldu zuten. Era berean, martxan parte hartu ez arren, urtero han bazkaltzeko aukera eskaintzen dute, eta askok hori egin zuten.
Sekula ikusi gabeak
Amoroto Kultur Taldeko kideek martxaren balorazio oso ona egin dute, eta martxan zein bazkaritan izandako giro polita nabarmendu nahi izan dute. «Eguraldia lagun izan genuen, eta horrek ibilbideaz gozatzeko aukera eman zigun. Oso gustura egon ginen, eta batzuek inoiz ikusi gabeko iturriak ezagutzeko aukera izan zuten».