Ahalik eta sinadura gehien bildu asmoz, herritarren babesa lortzeko zereginean jarraituko dute aipatu bi udalerrietan.
Sanbizente jaien bi asteburuetan 125 munitibartarren sinadurak batu dituzte, eta hilabete honetan auzoz auzo eta baserriz baserri ariko dira atxikimenduak jasotzen. Izan ere, Munitibarko Gure Esku Dagoren kideek azaldu dutenez, ahalik eta babes handiena lortu gura dute, horrek kontsulta egunerako parte hartze handiagoa bermatuko duela iritzita.
Erabakitzearen aldeko herritarren konpromisoa irudikatu zuten domekan herriko plazan ateratatako talde argazkiagaz. Jai giroan elkartu ziren, eta kopaua ere izan zuten galdeketa egiteko beharrezkoak diren sinadurak badituztela ospatzeko.
GEDren kideek eskuorriak banatu dizkiete munitibartarrei eta datozen aste eta egunetan ere sinadurak biltzen doazen etxeetan ere banatuko dituzte. Era berean, edozein informazio edo azalpen argitzeko telefono zenbaki hau jarri dute: 646 52 57 73.
Mendexa. Bestalde, 140 mendexarren atxikimendua lortu dute Mendexan. Udalerriko Gure Esku Dagoren kideek zehaztu dutenez, gutxieneko kopurua hirukoiztea dute helburu: “Gutxi falta zaigu, eta lortuko dugula espero dugu. Herritarren erantzunagaz pozik gaude”.
Urtarrilaren 22an auzoz auzo joan ziren sinadurak batzen, eta domeka honetan (hilak 5) herriko plazan egongo dira, 11:30etatik 14:00etara.
Hala ere, domekan bertaratzerik ez dutenei haiekin harremanetan jartzeko dei egin diete: “Etorri ezin dutenen etxeetara joateko prest gaude. Orain arte sinatu ez dutenak guregana hurbildu edota deitu gaitzatela”.
Sinadura bilketaren inguruko zein bestelako informazioa jaso nahi dutenek telefono zenbaki honetara deitu dezakete: 615 70 55 49.
gedmendexa@gmail.com helbidera mezua idazteko aukera dute. Halaber, twitterren
@GEDMendexa helbidean jasotzen dute informazioa.