Ondarroako Aurrera Futbol Taldeak Portugaleteren aurka jokatuko du domekan [otsailak 5], 16:30ean, Zaldupe futbol zelaian. Eta hain zuzen ere, Portugaleteko jokalarietako bat da Paul Abasolo Amantegi; durangarra hiru sexu erasorengatik zigortu zuen 2010ean Bizkaiko Probintzia Auzitegiak. Eta futbol partida horren harira antolatzen hasi da Ondarroako mugimendu feminista;
erasotzailearen aurka mobilizatzeko deia egin du.
Jokalariak, bestalde,
ez du Aurreraren aurkako norgehiagoka jokatuko. Aurreko astean Santutxuren aurka jokatutako partidan bosgarren txartel horia ikusi zuen, eta horrenbestez, partida bateko zigorra bete beharko du eta.
Abasolo Ondarroan ongietorria ez dela aldarrikatuko dute
domekan, 16:00etan, Zaldupeko zubian egingo dute elkarretaratzean. Protestara joateako deia herritarrei eta eskualde guztiari egin diete, herriko mugetatik harago doan arazo bat bezala ulertzen dutelako. “Abasolo eraso sexualak egiteagatik zigortu eta indultatuta dago, eta domekan Aurreraren aurkako partida jokatzera etorriko da Portugaleteko taldeagaz. Haserre gaude!”. Mugimendu feministak salatu duenez, “erasotzaile sexista bat ezin da kirolari eredu” izan.
Mobilizazioak iragartzeko kartela
Nabarmendu dutenez,
ez dute nahi erasotzailerik ez Ondarroan, ez eta beste inon. “Futbolariak, futbol klubak, eta orokorrean edozein pertsona publikok erantzukizun sozial bat eduki beharko luke gure eredu diren aldetik. Fitxaketa hau beraz, ez dugu onartzen. Eta Portugaleteko futbol klubari, nahiz indultu hau aurrera eraman duten politikariei, dakarren erantzukizuna hartzeko exijitzen diegu”.
Partida horren harira, gainera, Ondarroako Udalak ere erasotzaileen inpunitatearen kontra eta indarkeria matxistari aurre egiten dioten
emakumeei babesa eta elkartasuna adierazten duen adierazpen bat onartu zuen urtarrilaren 19an egindako osoko bilkuran. Adierazpen horren bitartez, herritarrei dei egin zien otsailaren 5ean indarkeria matxistaren kontra egiteko eta indarkeria matxistari aurre egiten diotenei elkartasuna adierazteko mobilizazioetan parte hartzera.
Adierazpena onartu ostean Ondarroako Udaleko ordezkariek egindako elkarretaratzea. Argazkia: Ondarroako Udala.
Urrezko baloia. Abasoloren kasuak
arbuio sozial handia piztu zuen, eta gaur egun ere pizten jarraitzen du. Portugaleteko jokalaria urrezko baloirako izendatzea, esate baterako, gogor salatu dute mugimendu feministek. Horren guztiaren harira, Abasolori saria emateko hautagaitza erretiratzeko eskatu du Durangoko Udalak.
Bizkaiko oinarriko futbolari buruzko
Cantera deportiva hedabideak urtero banatzen dituen Urrezko Baloietarako izendatu du futbolaria, eta izendapena bera “emakumeenganako beste eraso bat” dela dion testua onartu du Durangoko Udalak. Durangoko Plataforma Feministak aurkeztutako testua udal talde guztiek babestu dute, EAJ eta PPk izan ezik. Bi alderdiak abstenitu egin dira bozketan.