Ondarroako Eskilantxarri ur kirol elkarteak antolatuta, Arrigorriko III. Bodyboard Txapelketa jokatuko da zapatuan [otsailak 4] Arrigorri hondartzan. 10:00etan izango da itsasgora, eta horren arabera egingo dute txapelketa bera. Txapelketan parte hartuko duten hamasei bodyboarderretako lehen laurek
eguna argitu orduko egingo dute dzanga uretara. Txapelketa, berriz, 12:30ak inguruan amaitu nahi dute.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, asteburuan bodyboardean aritzeko nahikoa
baldintza onak egongo dira, eta horregatik erabaki dute txapelketa zapatuan egitea. “Aurten, txapelketa egiteko abenduaren 1etik martxoaren 31a bitarteko epea ezarri dugu, baina, beti ere, lehentasuna ematen diegu itsasgora eguerdian duten zapatu eta domekei. Eta egun horien barruan, asteburu hau egokia ikusi dugu. Olatu handiak daude iragarrita, eta itsasldiaren ordua ere txapelketa egiteko ordu egokian izango da”.
Gaineratu dutenez, bestalde, aurten ez da beste ur kirol elkarteetako gonbidatu berezirik egongo. Aukera hori, hain zuzen ere, herriko hasiberriei ematea erabaki dute. “Ze talde gonbidatu pentsatzen aritu ginen, baina herrian azken urtean bodyboardean hasi diren kopurua nabarmena izan dela kontuan hartuta, horiei parte hartzeko aukera ematea erabaki dugu”.
Iazko txapelketako parte hartzaileak Arrigorrin. Argazkia: Eskilantxarri ur kirol elkartea
Txapelketari dagokionez,
iazko formatu berean jokatuko da: lau txandatan. Lehen bi txandetan sailkapen fasea jokatuko da, eta azken bi txandetan, ostera, finalerdia eta finala jokatuko dira. Parte hartzaileek 20 minutuko saioetan banatuta jokatuko dituzte txandak.
Lehen txandan launaka uretaratuko dira, eta talde bakoitzeko bi onenak zuzenean igaroko dira finalerdira. Puntuazio txarragoa dutenek, bestalde, finalerdira igarotzeko beste aukera bat izango dute. Puntuazioari dagokionez, epaileek, besteak beste, hartutako olatuaren kalitatea eta egindako ariketaren kalitatea baloratuko dituzte. “Hodi eta mugimenduak hartuko dira kontuan, esaterako”.
Iazko parte hartzaileetako bat hodi bat hartzen. Argazkia: Eskilantxarri
Txanda guztiak jokatu ostean,
lau parte hartzaile ariko dira titulua lortzeko ahaleginetan. Parte hartzaile guztiek kamiseta bat jasoko du oroigarri legez, eta finalera ailegatzen diren lau finalistek, berriz, egurragaz egindako oroigarri berezi bana jasoko dituzte, hondartzan egingo den sari banaketan. Horrez gain, txapelketako olaturik onena hartzen dutenak ere saria izango du.
Antolatzaileek zale guztiak hondartzara hurreratzera gonbidatu dituzte, eta nabarmendu dutenez, giro onik eta ikuskizunik ez da faltako Arrigorriko inguruetan. “Euria eta haizea egingo du, baina olatuak ere egongo dira. Espero dugu ikuskizun eder bat ematea. Txokolate eta salda beroa izango ditugu etortzen direnentzat”.