Cesar Manzanos EHUko irakasle eta Saihaketako kidearen hitzaldiagaz hasi ziren atzo [otsailak 3] iluntzean Markina-Xemeingo herritar talde batek antolatutako
Errefuxiatuei Buruzko Jardunaldiak. Sistema kapitalistaren ezkutuko aurpegiak agerian utzi zituen Cesar Manzanosek: etengabeko gerra, beldurraren gizartea, «hedabideek fabrikatutako errealitatea». Horiek guztiak lotuta daudela azaldu zuen
Kapitalismoaren neurrigabekeria eta beldurraren gizartea: gerra iraunkorraren merkantilismoa eta haren eragin sozialak izeneko hitzaldian.
Bideo bi eman zituen hasieran gaia kokatzeko: Naomi Klein-en liburuan oinarritutako
Shock doktrina eta pertsonen jatorriaz ari den
DNAren bidaia. Eta ideia bi jarri zituen mahai gainean ondoren: Alde batetik, boteretsuek argi eduki dutela boterea norbanakoen gogoan edo burmuinean dagoela eta pertsonak konkistatzeko gogo edo burmuin hori konkistatu behar dela, horrela boteretsuek zehazten duten bizimodua biziko dute pertsonek, eta ez nahi dutena; eta bestalde, shock-a egon arren erresistentzia ere badagoela, eta askatzeko mekanismoak badaude.

Cesar Manzanosen hitzaldia, Uhagon kulturgunean.
Etengabeko gerra. Munduko ekonomia mugitzen duena konplexu militar-industriala dela azaldu zuen Manzanosek. Konplexu militar-industrialak eta garraioa eta telekomunikazioak sustatzen dutela esan zuen, gerra iraunkorraren kapitalismoa. Oinarrian, eurak dira Manzanosen ustez, mundu mailan, 2. mundu gerratik gaur egunera, gerrak eraikitzen dituztenak. Gerrak fabrikatu eta asmatu egiten direla esan zuen, eta kapitalismoa etengabeko gerran oinarritzen dela.
“Gerrak ezinbestekoak dira ekoizpenaren makineria guztiak funtziona dezan. Segurtasunik gabeko egoerak sortzeko beharra dago, eta, horregatik, aurrena etsaiak asmatu behar dira. Lehenik, Sadam Husein izan zen; gero, Gadaffi; gaur, Estatu Islamikoa da”.
Armak saltzeko beldurra duen sujetu bat behar dela esan zuen. “Beraz, beldurraren eta, batez ere,
kontrolaren gizartea sortu dute”. Egoera horretatik abiatuta, segurtasun faltak beti ekartzen duela aitatu zuen, kolokan egotearen sentsazioa. Horrela, ustezko segurtasun mekanismoetara jotzen da. “Kontua da etsaiak bilatzea, segurtasuna zorroztu dezaten inbertsioak areagotzea justifikatzeko” .
Gainera, Manzanosen ustez, nahasmena ereiteko egina dago eraikuntza mediatiko guztia, bere esanetan tresna mediatikoek
existitzen ez den errealitate bat fabrikatzen dute. “Gertatzen denaren bertsio bat eraikitzen dute, eta hori da errealitatea eurek inposatzen dutelako”.
Hala ere, kapitalismo merkantilistaren sistema horretatik kanpo antolatzeko aukerarik badagoela esan zuen amaieran, soziologoak, bai ekonomikoki bai eta sozialki ere. “Antolatzeko eta aldatzeko gaitasuna besterik ez dira behar”.