Aurrerak Portugaleteren aurka domekan [otsailak 5] jokatu behar zuen partiduaren harira, Ondarroako mugimendu feministak elkarretaratzea deitu zuen domekarako [otsailak 5]; Paul Abasolo Portugaleteko jokalariaren aurkako protesta zen. Eta Abasolo bera Ondarroara etorri ez bazen ere, protesta ekitaldia mantendu egin zen. Deialdiagaz bat egin zuten ehunka herritarrek, eta partida hasi aurretik, Zaldupe futbol zelaiaren kanpoko aldean egin zuten elkarretaratzea. Gainera, Ondarroako Udalak ere deialdiagaz bat egin zuen eta udal ordezkariek elkarretaratzean parte hartu zuten.
Abasolo bezalako herritarrak Ondarroan ez direla ongietorriak esan zuten elkarretaratzean batu zirenek. “Abasolo eraso sexualak egiteagatik zigortu zuten. Eta ostean indultatu egin zuten. Hasarre gaude! Erasotzaileak ez ditugu nahi ez Ondarroan ez beste inon“. Horrez gain, Portugalete Futbol Taldeari eta Abasolo indultatu zuten politikariei duten erantzukizuna hartzeko exijitu zieten. “Erasotzailea babesten duena ere konplizea da”.
Halaber, horrelako erasoak egin dituen pertsona bat zigor barik geratzea ez dutela ulertzen salatu zuten. “Ezin dugu ulertu ezta ere komunikabide batzuek Abasoloren irudia garbitu nahian eduki duten posizionamendua”.
Protesta ekintza gorabehera barik egin zen, eta mugimendu feministako kideak pankarta futbol zelai erdira atera bazuten ere, segituan atera egin ziren, epaileak hala eskatuta. Dena dela, protestaren aurka egon zenik ere bazen. Eta horren adibide da gaur [otsailak 6] Twitter bidez Aurrerari idatzi diotena (beheko irudia):
Puntu morea. Aurrerako jokalariek puntu moreagaz jokatzeko asmoa bazuten ere, ez zuten horrelakorik egin. Izan ere, arautegiak dio jokalariek ezin dutela soinean inolako aldarrikapenik adierazi.
Partidua. Aurrerak 0-3 galdu zuen Portugaleteren aurka; 1. gola 25. minutuan sartu zuen Portugaletek, bigarrena 61. minutuan eta hirugarrena 86.ean.
Jaitsiera postuan. Domekako partidua eta gero, Aurrera jaitsiera postuan sartu da; 18. postuan dago (17. postuan dagoen talde beragaz berdinduta dago). Jakitera eman duenez, datorren astean Pasaiaren aurka jokatuko du talde ondarrutarrak. “Partidu gogorra izango da, bi taldeek puntuak behar dituzte”.
Zaldupe futbol zelaiaren kanpoko aldean egindako elkarretaratzea.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.