Gernikarrak nagusi, goitibeheren lehen proban
Trokan Behera taldekoek ederto hasi dute goitibehera denboraldia. Idiazabalen lehiatu zuten denboraldiko lehen jaitsiera, zapatuan, eta Ibai Zumalakarregi eta Ibai Ajuriagoikoa Neumatika kategoriako iazko Euskal Ligaren txapeldunak nagusitu ziren.Troka...
Trokan Beherako kide horiek, baina, ez ziren emaitza onak lortu zituzten bakarrak izan, beste hainbat taldekide ere ondo moldatu baitziren Izalgo XVII. Goitibeherak txapelketan. Neumatika kategorian lehenengo egitea ez ezik, sailkapen orokorrean gailentzea lortu zuen bertoko bikoteak zapatuan.
Trokan Beherako Itai Maruri eta Andoni Martin gernikarrak ere kategoria berean lehiatu ziren; azken horiek hamahirugarren sailkatu ziren beraien kategorian, eta hamabosgarren, aldiz, sailkapen orokorrean.
Ibai Urrutia gernikarrak, aldiz, Drift Trike kategorian parte hartu zuen, eta sailkapen orokorrean 26. egin bazuen ere, bere kategorian laugarren postua eskuratu zuen. Taldeko Aitor Aransolo eta Koldo Betanzos muxikarrek, berriz, lan bikaina egin zuten, Errodamentuetan garaipena eskuratuta sailkapen orokorrean 32. postua lortu zuten.
Trokan Beherakoez gain ere, izan ziren bertoko beste hainbat gidari ere zapatuan Idiazabalen. Samuel Torrico mundakarra eta Aritz Larrinaga, esate baterako, fin aritu ziren Neumatika kategorian; hala, laugarren egin zuten, bai beraiei zegokien kategorian eta baita ere sailkapen orokorrean.
Oier Mendizabal mutrikuarra ere aritu zen aipatu kategorian Jon Calvogaz batera, eta bosgarren egin zuten.
Denboraldiko lehen proba, batez ere, goitibeherak probatzeko erabili zuten. Guztira, bederatzi proba jokatuko dituzte, eta hurrengoa maiatzaren amaieran izango da Oñatin. Azkena, berriz, Eskoriatzan lehiatuko dute, irailaren 23an.