Hondakin organikoak biltzeko sistema azaltzeko auzo batzarrak egingo dira Ondarroan
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, asteon Kamiñazpiko auzotarrekin egingo dute bilera; barikuan [otsailak 10] izango da, 19:00etan, Alkoholiko Anonimoen lokalean. Eta aurrerago herriko beste auzoguneetan bilera gehiago egingo dituztela esan dute.
Maiatzetik aurrera hondakin organikoak biltzeko edukiontziak jarriko ditu Ondarroako Udalak herri osoan, herritar guztiek hondakin organikoak birziklatzeko aukera edukitzeko. Edukiontzi hori ipintzeaz batera, orain arte erabili izan den edukiontzi grisa bi edukiontzigatik ordezkatuko da: erreusaren edukiontzia eta hondakin organikoak biltzeko edukiontzia. Eta hain zuzen ere, auzo batzarrak egingo dira sistema berriaren funtzionamenduaren inguruko azalpenak eman eta herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko.
Udalak agertu du garrantzitsua dela herritarrek sistema berria ondo ulertzea. Ondorioz, beharrezkoak diren bilerak egiteko prest agertu dira udal ordezkariak. “Ondarroan hondakin guztien %30a baino ez dugu gaika biltzen. Eta kopuru hori azken urteetan igo bada ere, oraindik lortu behar ditugun helburuetatik urrun gaude”, azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. Hondakin bilketa sistema berriagaz, Ondarroako Udalak gaika jasotako hondakinen kopurua gehitzea espero du.