Ibon Iparragire preso ondarrutarrak asteburuan jasan dituen bi eraso larrien harira, batzar zabala deitzea erabaki du Iparra Galdu Baik plataformak. Batzarra Kofradia Zaharrean egingo dute
bihar [otsailak 8], 19:00etan, eta herriko eragile eta talde bakoitzak bere proposamenak plazaratzeko aukera edukiko du.
Plataformak kideek nabarmendu dutenez, preso ondarrutarrak bizi duen muturreko egoeraren aurrean
jendarte guztia aktibatzeko beharra dago. “Uste dugu Iboni gertatzen zaiona ez dela bakarrik plataformaren ardura; beste maila batzuetan ere konpromiso batzuk egon beharko lirateke. Hain zuzen ere, gai honen inguruan aktibatzen hasi beharko luketen talde eta eragile gehiago daudela iruditzen zaigu”.
Era berean, datozen egunotan mobilizazioak deituko dituztela azpimarratu dute plataformako kideek. “Egoera oso larria da, eta aste bukaerara begira zer edo zer egin behar dugula iruditzen zaigu”.
Ibon Iparragirreren alde Ondarroan egindako mobilizazio bat
Larriki gaixorik dagoen preso ondarrutarrak, zehazki,
20 orduren buruan bi eraso jasan ditu Madrilgo (Espainia) Alcala Meco espetxean. Presoaren senideak eta lagunak egoeraz oso kezkatuta daude, izan ere, erasoak hainbat aldiz errepikatu dira. “Berak telefonoz esan digunaren arabera, 11 eraso jasan ditu kartzelan dagoenetik”. Azpimarratu dutenez, ez dute ulertzen Iparragirre zelan mantentzen duten kartzelan, eta hurrengo batean zerbait larriagoa gerta dakioken beldur dira. “Pertsona baten bizia dago jokoan”.
Erasoei dagokionez,
lehen erasoa bariku [otsailak 3] iluntzean jasan zuen, bere ziega barruan zegoela. “Hiru preso sartu ziren bere ziegara, eta batek atzetik helduta zeukan bitartean, lapurretan egin zioten. Tabakoa eta telefonotik deitzeko txartela lapurtu zioten, eta ezer gehiago bazuen galdetu ostean, goitik behera mihatu zuten; prakak gerriko eta guzti ere bajatu zizkiotela esan digu. Lapurretan egin ostean,
aurpegiko alde banatan ukabilkada bana eman zioten, eta hortzetako zubia apurtu diote”.
“Mintzatokitik modulura zeramaten tartean, korridorean zelatan zeukan bete preso baten erasotu zuen”
Bigarren erasoa berriz, zapatu [otsailak 4] eguerdian gertatu zen,
lagunen bisitaren ostean. Presoak atzo [otsailak 6] etxera egindako telefono deian eman zuen bigarren erasoaren berri, hain zuzen. Lagunek 11:50ean irten zuten bisitatik, eta dakitenaren arabera, 11:50-12:00ak bitartean erasotu zuten. “Mintzatokitik modulura zeramaten tartean, korridorean zelatan zeukan beste preso batek erasotu zuen. Atzetik jo eta lurrera bota zuen, eta buruan hartutako kolpearen ondorioz, konortea galdu zuen. Esan digunaren arabera, ez daki zenbat denbora egon zen konorte barik”.
Familiak agertu duenez,
erasotzaileetako bakarra identifikatu ahal izan du preso ondarrutarrak. “Barikuko hiru erasotzaileetako bat identifikatu ahal izan du. Ikusmen arazoak ditu, eta besteak zeintzuk izan diren ondo ikusi ez zuenez, bere zalantzak dituela esan digu. Zapatuko erasotzailea nor zen ikusi ere ez zuen egin, atzetik jo zuen eta”.
Presoen inguruan Ondarroako egindako mobilizazio bat
Gaineratu dutenez, azken bi erasoak
modulu berri batean jasan ditu Iparragirrek, Alcala Mecoko 2. moduluan. “Orain bi aste aldatu zuten moduluz, eta atzoko deian esan zigunaren arabera, berriro aldatuko dute moduluz”. Senideei jakitera eman zienez, gaur [otsailak 7] 11. modulora tokiz aldatu behar zuten, baina ez dakite moduloz aldatu duten edo ez.
Iparragirreren abokatuak, bestalde, bihar [otsailak 8] Madrilera joateko esperantza du. “
Castro epaileagaz batzeko ahalegina egiteko asmoa duela esan digu. Arratsaldean, ostera, Ibonegaz batuko da kartzelan”.
Osasuna “nabarmen” gainbehera. Duela hiru urte –2014ko martxoan– kartzeleratu zuten berriro Iparragirre eta ordutik hona bere osasun egoera asko larritu dela ohartarazi dute haren hurrekoek. “Azken bisitan zeharo zahartuta ikusi genuen. Gaixotasuna gero eta gehiago ari zaio nabaritzen”.
Hiru hilabeteko epean karga birala ia hirukoiztu egin zaio: 50.000tik 144.000ra
Azken odol analisien
emaitzak ere kezgarriak direla nabarmendu dute. Hiru hilabeteko epean defentsak bere horretan mantendu badira ere –66 defentsa– karga birala ia hirukoiztu egin dela adierazi dute. “Lehen 50.000 inguruan zuena, orain 144.000ean dago”.
Azpimarratu dutenez, behar lukeen
osasun jarraipenik ez dira egiten ari espetxean. Buruko orbanari dagokionez, esate baterako, iazko maiatzetik ez diote erresonantzia magnetikorik egin. “Hiru urtean bi erresonantzia magnetiko egin dizkiote bakarrik. Berez, sei hilabetean behin egin beharko liokete proba”.