Plataformak jakitera eman duenez, beste hiru presok jipoitu dute larriki gaixorik dagoen preso ondarrutarra. “Bere ziegan zegoela, hiru preso ziegara sartu eta bik bizkarretik besoak heldu zizkioten, eta hirugarrenak aurpegian ukabilkadak eman zizkion”. Zapatuan [otsailak 4] Ondarroako bi lagunen
kristal bidezko bisita eduki zuen Iparregirrek, eta bisitara haginetako protesia eskuetan zuela sartu zela kontatu dute lagunek; protesia ukabilkaden ondorioz apurtu ziotela esan zien.
Preso ondarrutarrak lagunei esandakoaren arabera, Alcala Mecoko (Madril, Espainia) Lehenengo Moduluan dauden beste hiru presoek barikuan [otsailak 3] jipoitu zuten; ondarrutarra ere modulu berean dago. “Jipoitzeaz gain, Ibonek ziegan zituen
hainbat objektu pertsonal lapurtu zizkioten, tartean telefonoz deitzeko erabiltzen den txartela”.
Abenduko erasoa. Etxerat-ek abenduan salatu zuen espetxeko funtzionarioek Iparragirre jipoitu zutela. Orduan, baina, preso ondarrutarra Erizaintza Moduluan zegoen; “duela bi aste Lehenengo Modulura eraman zuten, eta han giro oso gatazkatsua dago”, argitu dute plataformako kideek. “Kartzelako terapeuta baten berbetan, Ibonek duen gaixotasun larri, sendaezin eta itzulezinaren ondorioz dituen beste patologiak kontuan hartuta, ez da egokiena Lehenengo Moduluan egotea”.
Gertaera “irmoki” salatzeaz gain, plataformak preso ondarrutarraren
oinarrizko giza eskubideak “uneoro” urratzen ari direla argi utzi nahi izan du. “Ibonen abokatuek ondarrutarra espetxealdi arinduko erreximenean ipintzeko eskaera guztiak atzera bota ditu Jose Luis Castro Antonio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak “.
Horren guztiaren aurrean, Iparra Galdu Baik plataformak presoari eta haren senide zein lagunei
elkartasuna adierazi nahi izan die. Eta Ibon eta larriki gaixorik dauden gainontzeko presoen etxeratzearen alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Bide beretik, herritarrei mobilizazio deialdiei adi egoteko eta horietan parte hartzeko eskatu nahi izan die. “Oinarrizko giza eskubideak urratzen ari dira eta hori eragoztea herritar guztioi dagokigu, ez bakarrik agintariei”.
HONEKIN LOTUTA: