Presoaren senideek Etxerateko kideei esan dietenez, larriki gaixorik dagoen preso ondarrutarra gaur goizean [abenduak 7] jipoitu dute Alcala Meco espetxeko funtzionarioek. Gertaera salatzeko Ondarroako Sortuk
elkarretaratzea deitu du
biharko [abenduak 8],
13:00etan, Ondarroako Alamedan.
Berandu baino lehen Ibon etxea! lelopean egingo da elkarretaratzea, eta herritar guztiei parte hartzeko dei egin diete.
Gertaera. Etxeratek zabaldu duenez, espetxeko zuzendari ordeak presoari erizaindegira joan behar zuela esan eta gero gertatu da erasoa. “Ondoren, bertako funtzionario batek gela txiki batera eraman du Iparragirre eta eskua altxatu du bere aurrean jotzeko imintzioa eginez”. Agertu dutenez, keinu horrek funtzionarioaren eskua geldiaraztera eraman du preso ondarrutarra. “Eskuak geldirik” edukitzeko ohartarazi dio funtzionarioak Iparragirreri eta jarraian “hainbat aldiz kolpatu du presoa”. Salatu dutenez, zenbait unetan aurpegian ere eman dizkio kolpeak. Senideek dakitenez, oraindik erizaindegian jarraitzen du.
Gertaeraren harira, Iparragirreren egoera “larria” dela adierazi nahi izan du Etxeratek. “Ez da lehen aldia Alcala Mecoko funtzionarioengandik abusuak eta erasoak jasotzen dituena”. Gertatutakoaren larritasunari presoa larriki gaixorik dagoela gehitu behar zaiola gaineratu dute. “HIESA du, C-3 estadioan, eta gainontzeko preso gaixo larriekin gertatzen den bezala, salbuespeneko espetxe politikek blokeatuta dituzte egungo legediak barne hartzen dituen askatasun aukerak”.
Horren guztiaren aurrean, senide eta lagun guztiei egoera horrek eragiten dien “ezinegona, segurtasun falta eta oinazea” salatu nahi izan ditu Etxeratek, eta era berean, elkarteak sostengua eta elkartasuna adierazi nahi izan die.
Presoak jasan zuen
azken erasoa uztailaren 20an salatu zuen Iparra Galdu Baik plataformak.