Markina-Xemeindar guztiak dantzan jarri nahi ditu Zerutxu Dantza Taldeak inauterietan. Iaz bezala, Lantzeko inauteriak plazaratuko dituzte
otsailaren 25ean, Aratuste domeka bezperan, herria inauteri giroan murgiltzen hasteko asmoz. Oraingoan, baina, herritar guztiei zabaldu diete Zerutxukoak dantzarako gonbidapena. Horrela,
6 urtetik gorako ume, gazte eta heldu guztiak animatzen dituzte kalejiran parte hartzera.
Kalejirarako prestatzeko gainera,
tailer bat antolatuko dute Zerutxukoek.
Otsailaren 18an, 11:00etatik aurrera, emango dute tailerra Uhagonen, eta bertan Lantzeko txapelak egin eta dantza ikastaro txiki bat eskainiko dute. Mozorroak prestatzeko zenbat material behar duten jakiteko, otsailaren 16a baino aurretik Ixaie lurrindegian izena emateko eskatu dute dantza taldekoek, eta bakoitzak bere txapela eraman behar duela ere zehaztu dute, lastozkoa hain zuzen.
Dena prest, otsailaren 25ean
17:45ean elkartuko dira herritarrak Xemeinen, eta 18:00etan kalejiran joango dira herrian zehar.
Zerutxu dantza taldeak antolatuta iaz egin zen Lantzeko inauterietan oinarritutako kalejira. Argazkia: Zerutxu Dantza Taldea