Lekeitioko Udalak hondakin organikoak batzeko sistema ezarriko du irailetik aurrera
San Antolinak eta gero, 26 edukiontzi marroi jarriko dituzte herriko kaleetan. Lekeitioko Udalak jarriko duen sistema horrek, hondakin begetala zein animali jatorriko hondakin organiko guztia batuko du, eta horretarako, irailean, informazio kanpaina bat egingo dutela iragarri du udalak, herritarrei sistema berri hau azaldu eta herritarren parte hartzea bultzatzeko.
Organikoaren bilketa, nahiz eta boluntarioa izan, jendearen laguntza eta inplikazioa eskatu du udalak. “Hasieran sistema berri honek zalantzak ekarriko ditu, bere sasoian kartoi eta paper, ontzi arin, beira eta olio bilketa sistemek ekarri zuten moduan, baina hauek gaur egun barneratuta dituzte herritarrek”.Bestalde, herrian dauden edukiontziak ere berritu egingo dituzte: papera eta kartoia biltzeko edukiontzia eta errefusa edukiontzia.
Lekeitioko Udalak azpimarratu duenez, zabor bilketa selektiboaren aldekoa da, baina beti ere, sistema boluntarioa eta herritarrarentzako ahalik erosoena jarri nahi du. Hala ere, aldi berean, bilketa selektibo eraginkorra bultzatuko dutela azaldu dute “kontzientziazioan eta herritarren arduran oinarrituz”.