Lekeitioko haur eta gazteen aisialdia dinamizatzeko zerbitzua martxan jarriko dute, berriz ere
Lekeitioko Udalak haur eta gazteei zuzendutako aisialdi zerbitzuaren kudeaketarako proposamenak aurkezteko epea zabaldu du. Dinamizazio zerbitzua kontratatu nahi dute, haur eta gazteen arloko politikak zein beste arlo batzuetako zeharkako politikak ezartzeko eta bultzatzeko. “Zerbitzu berrian haur eta gazteek ekintzak egiteko duten autonomia errespetatu eta sustatuko dira. Bestalde, gaitasun pertsonalak deskubritzea eta bideratzen laguntzea helburu duen zerbitzua ere izango da”, zehaztu du udalak. Udal zerbitzua Lekeition erroldatuta dauden familiei zuzenduta egongo da, eta L.H eta D.B.H ikasketak egiten ari diren haur eta gazteei eskainiko zaie.
Teilatua. Azken urteetan, Gazteguneko eraikinak, arazoak izan ditu teilatuan. Konponketak ez egitearen ondorioz, itoginak agertu ziren, eta egoera horretan haur eta gazteentzako aisialdi zerbitzua ematea ez zutela bat ere egoki ikusten azpimarratu du udalak. Beraz, Gazteguneko eraikinaren teilatua konpondu nahi izan dute lehenengo, eta orain aisialdi zerbitzua jarriko dute martxan. 2016 amaieran egin zituzten lanak Gazteguneko teilatuan, eta konponketek 39.530,05 euroko kostua eduki dute. Hurrengo urratsa, Gaztegunearen kanpoaldean dagoen igogailua konpontzea izango dela jakitera eman dute. “Urteetan egoera kaskarrean egon da eta segurtasun neurri bezala itzalita dago”. Beraz, 2017an, Gaztegunerainoko irisgarritasuna bermatzeko igogailua konponduko du Udalak, eta horrez gain, eraikin barruan ere beste hobekuntza batzuk egingo dituztela aurreratu dute. Haur eta gazteei zuzendutako Aisialdi Zerbitzua kudeatzeko proposamenak aurkezteko epea zabalik dago otsailaren 15era arte. Lehiaketaren oinarriak eta informazio guztia www.lekeitio.eus web orrialdean dago eskuragarri.