Ondarroako Udal Berdintasun Batzordeak eta UNRWA Euskadi (Ekialde Hurbilean dauden Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia) agentziak antolatuta,
Emakume palestinarren ahotsak hitzaldia eskainiko da
barikuan [otsailak 17], 18:00etan, Etxelilan.
Bertan Heba Nuseibeh, Mayson Qawasme eta Ohaila Shomar emakumeen elkarte palestinarretako hiru ordezkariek parte hartuko dute. “Esperientziak elkartrukatzera datoz Palestinako hiru emakume hauek. Hango errealitateaz eta beraien borrokez jardungo dute hitzaldian”. Hiru ordezkariez gain, Amal Syam ere berbaldian parte hartzekoa zela ere nabarmendu dute, baina Gazatik irtetzeko baimena lortzeko arazoak izan ditu.
Aurreratu dutenez,
hitzaldia ingelesez izango da, baina momentuko itzulpena egongo da. Nahi duenarentzako, gainera, haurtzaindegi zerbitzua egongo da. Baina, zerbitzu horren beharra dutenek aurretik egin beharko dute eskaera.
Udal iturriek azaldu dutenez, bestalde, hitzaldiaren aurretik Ondarroa ezagutu, eta Etxelilako dinamika gertutik ikusteko aukera izango dute hizlariek.
Hizlariak. Ohaila Shomar Jerusalem ekialdetik (Gaza) dator, eta Jerusalemen sortutako irabazi asmorik gabeko Sawa elkarte feminista eta laikoaren zuzendaria da. Beraien helburua mota guztietako indarkeriaren aurka borrokatzea da, eta bakearen kultura sustatzearen alde lan egitea. Gauza askoren artean, elkarteak laguntza psikologikoa eskaintzen die indarkeria pairatu duten emakume eta haurrei, doako telefono baten bitartez. Gaza, Zisjordania eta Jerusalem ekialdetik jasotako 2.000 kasu berri izaten dituzte hilero.
Mayson Qawasme, berriz, Zisjordaniakoa (Gaza) da, eta Hebron Wafa Palestinako albiste agentziaren ordezkaria da. Era berean, emakumeei formakuntza emateaz arduratzen den Woman Active Society of Hebron elkarteko zuzendaria da, MIFHTA gobernuz kanpoko erakundearen koordinatzailea eta WILPF taldeko kidea ere bada. Heba Nuseibeh, azkenik, Jerusalem ekialdekoa (Gaza) da, eta Women’s Center for Legal Aid and Counselling elkarteko komunikazio arduraduna da. Elkarte feministak babes legala, aholkularitza eta emakumeak babesteko zerbitzuak eskaintzen ditu, 1.991. urtetik.