Urrutikoetxea eta Imaz nagusi, Markina-Xemeingo Uni frontoian
22-21 irabazi diete Altuna III.ari eta Barriolari. Hamaikagarren jardunaldia aurreko koadroetan erabaki da. Aretxabaletak eta Victorrek 22-11 irabazi diete Arretxe III eta BeroiziZapatuan Markina-Xemeingo Uni frontoian jokatu zen Eskuz Binakako Txapelk...
22-21 irabazi diete Altuna III.ari eta Barriolari. Hamaikagarren jardunaldia aurreko koadroetan erabaki da. Aretxabaletak eta Victorrek 22-11 irabazi diete Arretxe III eta Beroizi
Zapatuan Markina-Xemeingo Uni frontoian jokatu zen Eskuz Binakako Txapelketaren hamaikagarren jardunaldia emozioz beteta egon zen. Izan ere, Urrutikoetxea-Imaz eta Altuna III-Barriolarentzat oso garrantzitsua zen garaipena eskuratzea finalaurrekoetara begira. Urruti-Imaz sailkapenean azkenak ziren partida jokatzen hasi aurretik, eta azkenaurrekoak ziren Altuna III.a eta Barriola.Urrutikoetxea txispa handiagaz atera zen, erasokor. Zaratamoko aurrelariak partida ona jokatu zuen, eta aurrean Altunari nagusitu zitzaion. Amezketarrari kostatu egin zitzaion tantoak amaitzea, eta Urrutik ez zion utzi bere jokoa egiten. Partida aurreko koadroetan erabaki zen, eta atzean, nahikoa sendo aritu ziren Imaz eta Barriola.
Tantoz tanto, ia partida osoan gorriak joan ziren aurretik; 8-9 egon ziren aurretik bakarrik urdinak. Dena dela, ez zuten lortu markagailuan ihes egitea; bost berdinketa ere izan ziren: 1-1, 3-3, 8-8, 9-9 eta 21-21.
Postu bat gorago
Pilotakadei dagokienez, 63 minutu eta 33 segundo iraun zituen partidan 525 pilotakada egin zituzten. Tantoei dagokienez, Urrutikoetxeak egin zituen tanto gehien. Zaratamokoak 12 tanto egin zituen (2 sakez); 5 huts. Altuna III.ak, berriz, 7 tanto egin zituen (3 sakez), eta 5 huts. Imazek 2 irabazi eta 5 huts egin zituen. Eta Barriolak egindako 1 eta galdutako 2 izan zituen.
Zapatuan lortutako garaipenari esker, Urrutikoetxea-Imaz azkenaurrekoak dira sailkapenean (4 puntu); eta Altuna III.a eta Barriola azken postura jaitsi dira (4 puntu).
Hiru puntu daude jokoan, eta batak zein besteak ez dute erraz edukiko finalaurrekoetarako txartela eskuratzea; 5 puntugaz, aurretik dituzte Elezkano II-Zabaleta, Ezkurdia-Merino II.a eta Olaizola II-Untoria. 6 puntu dituzte Bengoetxea VI-Larunbe eta Artola-Albisuk. Sailkapen buruan jarraitzen dute, 9 puntugaz Irribarria eta Rezustak.
Sasoi onean
Andoni Aretxabaleta pilotari markina-xemeindarrak, berriz, itzulerako lehen partida irabazi zuen herriko zaleen artean. Victorregaz batera 22-11 irabazi zioten Arretxe III eta Beroizi. Dena dela, partida ez zen oso bizia izan. Hasieran tantoak azkarrago egin zituzten, baina partidak aurrera egin ahala, jokoa moteldu egin zen.
Goi mailako partidek jende asko erakarri zuten Unira. Bete-bete egin zen; guztira, 900 ikusle egon ziren. Eta markina-xemeindarrez gain, eskualdeko eta inguruko herrietako pilotazaleen bilgunea izan zen frontoia. Giroa izan zen nagusi.