Markina-Xemein trikiti doinuz jantziko da
ekainaren amaieratik uztailaren 8a bitartean. Herri asko izaten dira hauspoari eta panderoari zoragarri eragiten dioten trikitilari gazteen plaza, Markina-Xemeingo Jai Batzordeak baina, aspaldi galdutako helduen norgehiagoka biziak berreskuratu nahi izan ditu, eta
Markina-Xemeingo Helduen I. Trikitixa Txapelketa antolatu du.
«Jaialdi eta jardunaldietan hartzen dute parte gaur egun trikitilari helduek, baina lehiak desagertuz joan ziren», azaldu dute Markina-Xemeingo Jai Batzordekoek. Askorentzat lehiaketak plazarako bidea izaten ziren, ezagutzera emateko aukera paregabea. Hori dela eta, ekarpen txiki bat egin nahi izan dute, «trikitixa munduari bultzada emateko asmoz».
22 urtetik gora edo 2017an 22 urte betetzen dituzten trikitilariek parte hartu dezakete lehian, eta trikitilari eta pandero jotzaile batek osaturiko bikotea izan beharko da.
Trikitilariak soinua jotzen.
Parte hartzaileen arabera, bi edo hiru kanporaketa jokatuko dira, eta Jai Batzordekoek aurreratu dutenez, kanporaketak auzoetako jaietan egitea dute asmoa.
Finala, bestalde,
uztailaren 8an jokatuko da Markina-Xemeingo herrigunean.
Hiru pieza. Sari handiak izango ditu txapelketak, esan dutenez, beteranoengan ere interesa eragiteko asmoz. Baina, batez ere «giroa sortu» eta trikitixa «hizpide izatea» nahi dute.
Kanporaketetan hiru pieza jo beharko dituzte trikitilari bikoteek: trikitixa, porrusalda, rantxera, balts edo erritmo dantzagarridun kanta bat euskarazko hitzekin, eta fandangoa edo arin-arina aukeran. Finalean, ostera, lau izango dira finalistek jo beharko dituzten piezak.
Martxoaren 17ra arte edukiko dute trikitilari helduek Markina-Xemeingo txapelketan izena emateko aukera. Horretarako
645 00 63 12 telefono zenbakira deitu edo bestela
udala@markina-xemein.eus helbide elektronikora idatzi daiteke. Izena ematean jaiotze data, herria eta telefono zenbakia ere eman beharko dituztela zehaztu dute antolatzaileek.