Larrialdiak-Eulen Aldi Baterako Enpresa Elkarteak kudeatzen dituen Bizkaiko 25 anbulantzien langileen
lan baldintzak “tamalgarriak” direla ohartarazi dute beharginek eurek. Duten egoera “jasanezina” salatu dute. Orain, itxaropenerako leiho bat zabaldu zaie. Datorren hilean enpresaz aldatuta, baldintzek hobera egin dezaketela sinetsita daude. Hala ere, hainbat arlo konpondu gabe dituzte.
Larrialdiak-Eulen ABEE-k 2015eko irailean hartu zuen zerbitzuaren ardura, eta, geroztik, prekaritatea areagotu egin da. “Ondo geunden, baina kaos egoera batean gaude orain. Lehengo egoera bestelakoa zen. Hainbat urte egin ditugu DYAn, Gurutze Gorrian eta Ambuiberican, eta horrelako arazorik ez dugu sekula eduki”. Hala azaldu dute langileek. Enpresak ez ditu betetzen kontratuan azaldutako hainbat baldintza.
Besteak beste,
ez dira bermatzen atseden hartzeko legeak ezartzen dituen gutxieneko baldintzak. Langileetako askok, 12 orduko lanaldia amaitu eta gero, beharrean jarraitu behar izaten dute. Enpresak erreleborik ez duela aurkitzen eta zerbitzua ematea nahitaezkoa dela argudiatuta, ordezkoren bat bidali arte lanpostuan egotera behartuta egoten dira. Batzuetan, langileek 24 orduko lan txandak egin behar izaten dituzte jarraian. Horrek eragina du langileen osasunean eta atsedenaldian. Eta, azkenean, nola ez, zerbitzu guztian. “Ez dago inorentzako segurtasun bermerik. Ez anbulantzia gidatzen doanarentzat, ez barruan doanarentzat. Batzuetan, anbulantzia gidari batzuk 36 orduz jarraian egon dira lanean. Baldintza horietan lanean jarraitzea ezinezkoa da”.
Anbulantzien langileek Bilbon egindako protesta bat. Argazkia: Anbulantzietako langileen elkartea
Praktiketako kontratua edo behin-behineko kontratua dutenen egoera are kaskarragoa da. “Ez dute koadrante finkorik, eta edonoiz jaso dezakete txanda betetzeko deia”.
Egoera horretan dauden langileetako batzuek, esaterako, 30 egunean bi egun besterik ez dute atseden hartzeko –berez, lau egun jarraian lan egin, eta hurrengo bostak atseden hartu behar dituzte–. “Ezetz esan eta lanetik botako gaituzten beldur garenez, egoera aprobetxatzen dute. Aurreko batean, lanean nengoela lo hartzen hasi nintzen. Ezin nien begiei irekita eutsi ere”, azaldu du praktiketako langile batek. Are gehiago: haietako asko, praktika epea amaitu ostean ere, praktika kontratuarekin ari dira lanean.
Kobraketak, berandu. Soldatak ere ez dituzte askotan garaiz kobratzen. Urtarrileko nominak, esaterako, oso atzeratuta jaso dituzte: hilaren erdian. “Diru sarrera egin digute; baina, nominarik ez digutenez eman, ez dakigu zer kobratu dugun ere. Berandutze hau arazo teknikoengatik izan dela erantzun digute; antza denez, nomina programa berritu dutelako”.
Lan baldintzak oso txarrak izateaz gain, ohartarazi dute anbulantzia oso zaharretan ari direla lanean
Nominetan ez ezik,
aparteko orduen ordainketetan ere atzerapen nabarmenak pairatu dituzte. “Jaiegunak eta gaueko lanaren plusa ere ez dira behar bezala ordaintzen ari. Horiek ere berandu ari dira ordaintzen. Aparteko orduen kasuan, bestalde, batzuei milaka euro zor dizkiete. Eta horiek kobratzeko era bakarra salaketa jarri eta auzitara joatea da”.
Lan baldintzak oso txarrak izateaz gain, ohartarazi dute anbulantzia oso zaharretan ari direla lanean. Bizkaiko toki askotan, esaterako, bederatzi urteko erreserba anbulantzia zaharkitu batekin ibili dira larrialdi zerbitzua ematen. “Erreserbako anbulantzia asko egoera tamalgarrian daude. Lehengo legediaren arabera, zortzi urte baino gehiagoko anbulantziak kendu egin behar ziren, baina legea orain bestelakoa da”.
Material falta nabarmena. Ondarroan, esate baterako, erreserbako anbulantziarekin ari dira egun zerbitzua ematen. “Lehenik eta behin, oso anbulantzia handia ekarri zieten, baina ibilgailu hori ez da Ondarroako toki askotan sartzen. Hainbat protesta egin, eta, erabiltzaileek salaketa bat jarri ostean, beste anbulantzia txikiago bat ekartzea lortu zuten. Hori ere ez zen herriko toki askotan sartzen, ordea, eta, hainbat eskabide egin ostean, herriko toki gehienetan sartu ahal izateko moduko anbulantzia ekarri zieten”.
“Aurreko batean, esaterako, anbulantzia zerbitzuz kanpo jarri behar izan zuten, oxigenorik ez zutelako”
Ekarritako anbulantzia berriak, ostera, hainbat arazo tekniko eduki ditu. Horrenbestez, erreserbako anbulantzia erabili behar dute. Horrek ere nahikoa arazo eman ditu. Hainbat astez berogailurik gabe egon dira, esaterako. “Aurreko batean, gaixo bat etxeko manta eta guzti atera behar izan zuten, ez hozteko”.
Askotan,
pazienteak artatzeko materiala ere faltan izaten dute. “Anbulantzia batean oxigenoa hil edo bizikoa da, eta askotan batere barik egoten gara. Aurreko batean, esaterako, anbulantzia zerbitzuz kanpo jarri behar izan zuten, oxigenorik ez zutelako”. Antzeko arrazoiengatik, anbulantzia asko zerbitzurik eman ezinda egon dira azken hileotan. “Lehen halakorik ez zen gertatzen. Gorabehera horiek gure lana oztopatu besterik ez dute egiten”.
Larrialdietarako anbulatzia bat Ondarroan. Argazkia: HITZA
Anbulantziekin edo materialarekin edozein gorabehera dutenean, berriz, Zornotzako egoitza nagusira joan behar izaten dute, eta, han dauden denboran, ezin izaten dituzte larrialdiak artatu. Nola edo hala konpondu behar izaten dute. Izan ere, enpresak debekatu egin die momentu horretan larrialdiak koordinatzen dituen zerbitzuari operatibo ez daudela jakinaraztea. “Koordinazio zentrotik non gauden galdezka deitzen digutenean, askotan, gezurra esan behar izaten dugu”.
“Funtsezko zerbitzua ematen dugula jakinda, ez dugu ulertzen Jaurlaritzak zelan onartzen dituen horren lan baldintza prekarioa”
Lanean pairatzen dituzten baldintzak erabat kaskarrak direla salatzeko, hainbat protesta egin dituzte azken asteotan. Aurreko hilean, esaterako, bi manifestazio egin zituzten Bilboko kaleetan. Otsailaren 6an, bestalde, greban hastekoak ziren, baina, lortutako akordio bati esker, protesta horiek bertan behera geratu ziren. Akordioa zentzu batean soilik lortu dela argitu dute: “Beste hainbat eskaerak bere horretan jarraitzen dute”.
Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren utzikeria ere salatu dute: “Funtsezko zerbitzua ematen dugula jakinda, ez dugu ulertzen Jaurlaritzak zelan onartzen dituen horren lan baldintza prekarioak. Era berean, ulertezina da enpresak hainbat kexa jaso arren beste esleipen batzuk ere enpresa hari zelan eman dizkioten”.
Egoera zailean dauden arren,
aurrera begira itxaropentsu daude. Eskaintzen duten oinarrizko zerbitzuaren ardura datozen asteetan beste enpresa bati esleituko diotela espero dute. “Anbuiberica ez da egon konforme esleipena egin zuten moduarekin, eta, orain, epaiketa irabazi du”. Beraz, datorren hilean enpresaz aldatuko dituztela uste dute. Hala ere, otsaileko nomina kobratuko ez duten beldur dira.