Iparragirreren etxeratzea eskatzeko gutun kanpaina masiboa hasiko dute
Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzarako De Castro epaileari bidaliko dizkiete gutunak. Kanpaina eskualde mailan egingo badute ere, haratago zabaldu nahi duteBerandu baino lehen, Ibon etxera! kanpainaren barruan gutun bidalketa masiboa martx...
Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzarako De Castro epaileari bidaliko dizkiete gutunak. Kanpaina eskualde mailan egingo badute ere, haratago zabaldu nahi dute
Berandu baino lehen, Ibon etxera! kanpainaren barruan gutun bidalketa masiboa martxan jartzea erabaki du Iparra Galdu Baik plataformak. Ibon Iparragirre larriki gaixorik dagoen presoaren egoerak okerrera egiten duela ikusirik, zigorra etxean betetzea eskatzen duten gutunak bidaliko dizkiete Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzarako Jose Luis de Castro Antonio epaileari.Epaileak bi bider ukatu dio preso ondarrutarrari espetxealdi arindura bueltatzea. 2015eko uztailean, esaterako, bere osasun egoera «egonkorra» dela argudiatuta eman zuen ezezkoa. Eta horri erantzun nahian, etxe kartzela emateko hainbat arrazoi ematen dioten gutuna bidaliko diote epaileari. Besteak beste, Iparragirreren osasun egoerari buruzko hainbat datu, eta jendartean egindako hainbat eskabideren berri ematen da dokumentuan. «Dakigunaren arabera, Ibonek erretrobirusen kon- trako sendagaiak hartu nahi ez dituelako hartu zuen epaileak erabaki hori. Baina edozein gaixok bere gaixotasunarentzako egokiena den tratamendua aukeratzeko eskubidea du, eta hori ez da kasu honetan bete».
Azaldu dutenez, gutun bilketagaz asteburuan bertan hasiko dira Ondarroan eta Berriatuan, eta, gaineratu dutenez, eskualdetik kanpora ere batu nahiko lituzkete atxikipenak. Izan ere, ahalik eta ekarpen gehiena jasotzea da plataformaren helburua, Iparragirreren etxeratzea «lehenbailehen» lortzeko. «Oraingoz, 500 kopia atera ditugu, eta horiek baino gehiago bidali nahiko genituzke. Mahaietara hurreratu ezin duen jendeak, bestalde, dokumentuaren kopia bat inprimatu, eta bere kabuz ere egin dezake bidalketa. Eta nahi duena Ondarroatik kanpora gutun bilketa egitera ere animatu nahi genuke. Zenbat eta gehiago bidali, hobeto».
Datorren astean ere bai
Plataformak, oraingoz, honako ordu eta tokietan jarriko ditu mahaiak: gaur, 20:00etatik aurrera, Alamedan; bihar, 11:00etatik 14:00etara bitartean, Alde Zaharrean, eta Berriatun ere mahaia ipiniko dute eguerdian. Etzi, azkenik, Alamedan eta Alde Zaharrean egongo dira, 12:00etatik 14:00etara.
Plataformak iragarri duenez, datorren asteburuan ere kanpainagaz jarraituko dute. Tokiak eta orduak zehaztuko dituztela esan dute.