Mutrikun bataiatuak, eta Deban lurperatuak
Urteak atzera Deba ibaiaren ezkerraldean bizi ziren herritarrak mutrikuarrak ziren izatez, eta jaiotzen zirenean Mutrikun bataiatzen bazituzten ere, gorputz bidea eginda, Deban lurperatzen zituzten.Izatez Mutriku badira ere, euren kokapenagatik, histor...
Urteak atzera Deba ibaiaren ezkerraldean bizi ziren herritarrak mutrikuarrak ziren izatez, eta jaiotzen zirenean Mutrikun bataiatzen bazituzten ere, gorputz bidea eginda, Deban lurperatzen zituzten.
Izatez Mutriku badira ere, euren kokapenagatik, historikoki Debarekin lotura handiagoa eduki izan duten etxeak dira Mutrikuko Lasao, Bustiñaga eta Urazandi auzokoak; Deba ibaiaren ezkerraldean daude kokatuta. Eta etxe horietan bizi zirenak jaiotzen zirenean Mutrikun bataiatzen bazituzten ere, gerora, Debako elizara joaten ziren. Eta hiltzen zirenean, gorputz bidea eginez, Deban lurperatzen zituzten.Artxiboetan arakatuta, 1518. urtean hildako baten gorpua Debako erribera mutrikuarretik Debara eraman zutela jasotzen da. Eta bilaketa hori egin du Alex Turrilas Aranzeta debarrak. «Jasotzen denez, Sancha Perez de Bustiñaga andrearen gorpua eraman zuten». Garai hartan zubirik ez zegoen zubia 1866an eraiki zuten, eta gorpua ibaiaren beste aldera eramateko gabarra txikia erabiltzen zuten. Hileta hartan, baina, Mutrikuko alkate zenak parte hartu zuen. «Eta alkatea Debara aginte makila eta guzti ailegatu zenean, Debako agintariei errespetu falta iruditu zitzaien». Izan ere, ibaia ez zela bi herriena zioten; ibaia Debarena zen. «Alkatea Debako moilara ailegatu zenean, sekulako jipoia eman, eta aginte makina apurtu zioten».
Zubia eraiki eta gero
Zubia eraiki zutenean, Mutrikuren lurretan bizi ziren, baina Deban lurperatu nahi zituzten herritarrak hiltzen zirenean, gorpua ibaiaren alde batetik bestera eramateko ondoko pausoak ematen zituzten: Lasao eta Bustiñaga zeharkatzen zituen gorputz bidea jarraituta, gorpua Urazandiko moilara eraman beharrean zubira eramaten zuten, eta han Debako eliztarrak egoten ziren zain. Handik elizara eramaten zuten.
Turrillasek baieztatu ahal izan duenez, Lasao-Bustiñaga-Urazandi gorputz bidea ez da existitzen; «ez du inork zaindu, eta belarra hazi-hazita dago».
Jose Maria Egaña Albizuri gaur egun desagertuta dagoen Urasandi etxean jaio zen, eta gaur egun Urasandi Berri baserrian bizi da; inguru horretako nagusiena da (83 urte). «Bere aita eta anaiak bezala, bera ere Mutrikun bataiatu zuten. Baina bere familiakoak Debako eliztarrak ziren, eta hil izan direnean Deban lurperatu izan dituzte. «Gogoan daukat 1939an Lasao Haundiko auzotar bat hil zela, Jose Maria Ulaziaren anaia, eta Astigarribian lurperatu zutela. Baina hori ez zen ohikoena».
Gainera, Torrillaseri kontatu dionez, berak ere gorputz bidea egin izana gogoan dauka. «Lasao Txiki baserriko Francisco Urkiriren gorpua Debako elizara eramaten parte hartu nuen. Orduan, ohitura zen Debako zubira heldu arteko bidean (gorputz bidean) Mutrikuko apaizak laguntzea. Zubira heltzean, han Debako apaizak hartzen zion txanda».
Lekuko batzuen arabera, zenbait momentutan ezinezkoa izan zen gorputz bidea erabiltzea. Hori, esate baterako, 50eko hamarkadan gertatu zen: «Lasao Haundi baserriko Ramon Galdos Txartxa hil zen, baina lur jausi bat tarteko, gorputz bidea itxita zegoen. Gorpua ibaiaren alde batetik bestera eramateko gabarra txikia erabili zuten».
Jesus Mari Albisu Murgi-k oraindik gogoan dauka bere etxeko ganbaran zubian abade aldaketa egin arte erabiltzen zen gorpua uzteko mahaia gordetzen zela.
Gorpuaren kokapena
Gorpua, baina, ez zen edonon kokatzen; gorpua zubian uzteko leku zehatz bat zegoen. Eta horren inguruko pasadizoa ere kontatzen du Murgik. «Behin abade berria etorri zen Debara, eta gorpua ibai hertzean zegoela ikusi zuenean, Debara hurreratzeko agindu zuen. Hildakoaren senideak eta herritarrak kexatu egin ziren, eta ohiturak horrela agintzen zuela esan zioten».
Abadeak Tomas Lazkano debarrari galdetu zion, eta hark baieztatu zion ohitura zela gorpua zegoen lekuan egotea.
Gaur egun, ibaiaren ezkerraldean etxe gehiago daude, eta horietan bizi diren gehienak debarrak dira. «Asko Deban bataiatuta daude. Urteak aldatu dira, bai eta ohiturak ere».