Gazteria eta etxebizitza eskubideari buruzko hitzaldia egingo da Mutrikun
Mutrikuko EH Bilduk eta Ernaik antolatuta, Etxebizitza guztion eta gazteon eskubidea hitzaldia egingo da, etzi [otsailak 22], 19:00etan, Zabiel kultur etxean. “Hitzaldi edo bilera partekatu hau, pauso bat baino ez da Mutrikun gazteria bultzatzeko, antolatzeko eta konpromiso bideari atxikitzeko. Lana, etxebizitza, ikasketak, arazoak, munduk ikusteko pentsamoldeak… gazteek hori guztia nola bizi duten jakitea ezinbestekoa da, oinarri horietatik abiatuaz, irtenbide egokiak aplikatu ahal izateko”.
Antolatzaileek adierazi dutenez, Bermeoko eta Hernaniko udal ordezkariak etorriko dira Mutrikura, euren herrietan egindako esperientziak eta ahaleginak kontatzera. “Alde batetik, Bermeoko Udaleko Gazteria batzordeko Juan Karlos Agirrek euren esperientzia azalduko digu, egiten ari diren gazteei buruzko inkestaren zergatiak eta irtenbideak mahairatzeko. Bestetik, Hernaniko udalean prozesua duela urte batzuk hasi zenez, Gazteria Batzordeko ordezkaria izango dugu gure artean, Garazi Etxarri zinegotzia. Bestalde, Hernanin Gazteria Kontseilua eratuta dutenez, bertako partaide bat ere etorriko zaigu, kontseiluaren ibilbidea azaltzera”.