Herritarren parte hartzerako ordenantza onartuko dute Lekeition
“Lekeitioko herriak, lehenengoz, araututa izango ditu udal garden eta parte hartzaileago bat errazteko prozedura eta arauak”, esan dute. Testuan jasotzen dira, esate baterako, udal informazio garden eta erraz bat jasotzeko udalak ziurtatu behar dituen mekanismoak, publikoak diren baliabide eta espazioak eskuragarri jartzeko prozedurak, auzolanean lanak egiteko udalak jarriko dituen erraztasunak, bai eta herri ekimenez zein orokorrean kontsultak deitzeko bideak ere.
Herritarren parte hartzea arautzen duen ordenantza bat lortu arteko bidea luzea izan dela azpimarratu dute Lekeitioko EH Bildukoek. “Demokrazia zuzenago eta parte hartzaileago baten aldeko aldarria kalean agertzen hasi zen duela urte batzuk. Lekeition bertan ere izan zuen bere islada, herritarrek modu zuzenago batean udalaren gaineko erabakiak hartzeko nahiak. Orain urte batzuk, saihesbidearen auziak erakutsi zuen beharrizan hori nabarmenen”.
Horren erakusgarri jarri dute Lekitto Bixirik plataforma. “Erabaki hura hartzeko modua desegokitzat jota eta halako prozedurak demokratizatze aldera herri mugimendutik sortutakoa”. Lekitto Bixirik plataformaren ekarpenetako bat izan zen herritarren parte hartzerako protokoloa, EH Bilduk zehaztu duenez, ordenantza berriaren iturburuetako bat.
Testuaren lanketa. Herritarrek hasitako bideari jarraituz, aurreko agintaldian, EH Bilduko udal taldeak hartu zuen parte hartzea arautuko lukeen ordenantza bat eratzearen iniziatiba, Parte Hartze batzorde bat ere sortuz. “Hala hasi zen testu honen lanketa eta EAJren udal taldeak ere bat egin zuen ordenantza hau egiteko ideiarekin”. Horrela, jakitera eman dutenez, agintaldi amaierarako, testu bat adostuta zeukaten, eta agintaldi berrian, testua amaitu eta onartzera arte eramateko konpromisoa hartu zuen gaur egun gobernuan dagoen taldeak. Beraz, eguenean, aho batez onartuko dute alderdi biek arautegia.“EH Bilduko udal taldearen izenean, esan nahi dugu, pozik egoteko berria dela hau. Denonak diren erabakiak denon artean hartzea aldarrikatu dugu beti. Eta harro gaude herri ekimenez datozen iniziatibei tresnak eskaini ahal izan dizkiegulako eta udalean iniziatiba hori hasi genuelako”.
Lekeitioko EH Bilduren ustez, demokrazia parte hartzaileago bat egiteko bidean, garaipen txiki bat da hau. “Elkarlan handiak bultzatu eta fruituak eramateko gai garela uste dugu, eta lan hori egiten jarraituko dugu aurrerantzean ere”.
Sortu duten tresna herriarentzat baliagarria dela ere gaineratu dute. “Sakontzen jarraitu beharko dena eta beti begi bistan edukitzen, baina geroz eta gardenagoa izan behar den udal baten aldeko lana egin dezakeena, ondo erabiliz gero”.
Auzolana. Eguenean onartuko duten ordenantzaren baitan dagoen auzolanari buruzko atalaren garrantzia azpimarratu du Lekitto Bedarrak, eta dei berezia luzatu dute osoko bilkurara joateko: “Alde batetik, berotasuna eta esker ona adierazteko, eta bestetik, exijentzia atal hori garatzeko, talde eta norbanakoentzako lagungarri izan daiten”.
Lekitto Bedarrak 5. urteurrena ospatuko du aurten, eta Auzolan bideak 25 urte. Hori dela eta, 2017 Auzolan Urtea izendatu dute, eta jakitera eman dutenez, hainbat ekitaldi bideratuko dituzte beste talde batzuekin elkarlana sustatuz.