Otsailaren 10ean lan istripu baten ondorioz hildako gazte mutrikuarraren heriotza salatzeko protestak deitu dituzte. Bihar [otsailak 23], 18:45etik 19:00etara, lan istripua salatzeko
elkarretaratzea egingo dute Goiko Plazan,
Lan istripurik ez! Prekarietatea hiltzailea! lelopean.
Protesta, hain zuzen ere, udalbatzaren ohiko osoko bilkura aurretik egingo da. Izan ere, hildakoak eragiten dituzten lan istripuen aurrean Mutrikuko Udalak protokolo bat bere egin dezan eskatzen duen
mozioa aurkeztu du Mutrikuko LAB sindikatuak osoko bilkurak eztabaidatu eta onar dezan.
Gehiengo sindikalak deituta Donostian egindako protesta. Argazkia: LAB
Mozioan, besteak beste, lan istripuaren ondorioz hildako langilearen familiari eta lagunei elkartasuna adierazi eta udalak lagundu dezakeen eremuetan laguntza ematea eskatzen dute, ekonomikoa barne. Era berean, gertatutakoa argitzeko bitartekoak jartzeko eskatuko diote udalari. “Besteak beste, istripua gertatu den enpresako zuzendaritzarekin bilera bat eskatzea, istripuari buruzko informazio guztia eman dezan”. Bide beretik, lan istripua argitzeko bide judiziala zabaltzen baldin bada, udalak herri akusazio moduan aurkezteko konpromisoa har dezan ere eskatuko dute.
Sindikatuak nabarmendu duenez, gainera, 35 urteko gazte mutrikuarra aurten lan istripuz hil den
bigarren gipuzkoarra izan da. “Lan istripuen datuak izugarriak dira. Izan ere, langile hauek euren eta euren familien bizibidea irabazten galdu dute bizitza. Gure jendarte garatu honetan eskura ditugun aurrerapen teknologiko guztiak kontuan hartuta, gertatzen diren lan istripuak onartezinak dira, eta arazo sozial handia dugula erakusten dute”.