Antxoa eta berdel kanpaina hastear dira, eta bien bitartean,
inguruko uretan arrantzan jarraitzen dute baxurako ontziek, Donostia eta Bermeo bitartean. Antxoeta, zehatz esanda, martxoaren 1ean zabalduko dute, eta berdeleta hasita baldin badago ere, arrain sarda handirik topatu gabe jarraitzen dute arrantzaleek. Oro har, kopurua asko izan ez baldin bada ere, denetariko arraina lehorreratu dute asteon arrantzaleek; sardina, batez ere.
Egunotan, gainera,
oso ontzi gutxi dabiltza arraina deskargatzen Ondarroan. Gaur [otsailak 23] goizean, esate baterako,
Sin querer dos ontziak tamaina askotariko 325 bat kaxa sardina porturatu ditu. Eta merkatuan sardina eskaintza gutxi egon denez, nahikoa garesti saldu da arraina; kiloa, 1,60-2 euro bitartean. 10:30ean lehorreratu den
Gure Imanol ontziak, bestalde, 850 kaxa lasun eta 10 kaxa berdel deskargatu ditu.
‘Sin querer dos’ baxurako ontzia gaur goizean sarea gordetzen
Atzo [otsailak 22], berriz, sardina oso merke saldu zen; kiloa 70 bueltan. Tamaina aldetik ere nahasturiko aleak etorri ziren kaxa bakoitzean. Martitzenean [otsailak 21], ostera, oso sardina gutxi lehorreratu zuten baxurako ontziek, eta hortik gehiena, saldu barik geratu zen. Antxoa nahastean zetozen sardinak lehorreratu zituzten, hain zuen ere. Eta kaxetako askok sardina baino gehiago antxoa zutenez, horiek ez zituzten saldu Ondarroako kofradian. “Antxoarik ezin da saldu martxoaren 1era arte, eta arrain kaxa horiek Bizkaiko Elikagaien Bankura bideratu ziren. Guztira, 345 kaxa –3.000 bat kilo–”.
Legatza, merke. Astelehenean [otsailak 20], aldiz, legatza lehorreratu zuten amuko arrantzontziek. 480 bat kaxa arrain –4.000 kilo inguru– lehorreratu zituzten, eta oso merke saldu zen arraina. Bataz beste, 2,70 euroan kiloa. Kofradiako ordezkariak adierazi dutenez, tamaina denetariko legatza izan zen; 3 kiloko aleak 3 euroan saldu ziren, eta 400 gramokoak ia 4 euroan.
Asteko salmenta:
- Berdela. 7.054 kilo; 2,78 euro, bataz beste.
- Sardina. 45.578 kilo; 85 zentimo, bataz beste.
- Parrotxa. 9.027 kilo; 1,34 euro, bataz beste.
- Betandia. 17.514 kilo; 69 zentimo, bataz beste.
- Boba. 5.001 kilo; 40 zentimo, bataz beste.
- Lazuna. 3.902 kilo; 71 zentimo, bataz beste.
- Txitxarro zuria. 2.335 kilo; 1,81 zentimo, bataz beste.