Izaro bakarlariak eta Ziortza-Bolibarko Lorea Zulaikak eta Ondarroako Jon Lasarte eta Beñat Bidegainek osatzen duten Azalera taldea Markina-Xemeingo Uhagon kulturguneko oholtzara igoko dira zapatuan [otsailak 25], 19:30ean.
Azalera taldekoak izango dira lehenak taularatzen. Taldeko kideek jakitera eman dutenez, eurek sortutako abestiak eta bertsioak eskainiko dituzte. «Emanaldi akustikoa eskainiko dugu eta horretan pop-rock estiloetako abestiak eskainiko».
Azalera taldeko kideak. Ezkerretik eskumara: Beñat Bidegain, Jon Lasarte eta Lorea Zulaika.
Azalera talde berria da. «Duela urtebe inguru batu ginen, eta gorabehera batzuk tarteko, irailean batzen hasi eta abesti propioak sortzen hasi ginen». Bidean batu ziren arte, Zulaikak bakarka abesten zuen, eta Lasartek eta Bidegainek Utopik izeneko taldean parte hartzen zuten. «Bidean bat egin genuen eta Azalera sortu genuen».
Ibilbide luzea ez badute ere, oso ondo dakite zer nahi duten. «Udaberrian abesti gehiago sortu nahi ditugu eta gure helburua da maketa bat grabatzera ailegatzea».
Bateria jolearen bila. Ahotsaren ardura Zulaikak darama, Bidegainek gitarra jotzen du eta Lasartek baxua. «Bateria jolerik ez daukagu eta horren bila ari gara. Beraz, norbait prest egongo balitz, gurekin harremanetan jarri baino besterik ez dauka».
Joan den astean, esaterako, Bilbon eskaini zuten kontzertua. «Biba!-n jo genuen. Hain zuzen ere, Biba! sortzaileak bultzatzeko gunea da eta han aritu ginen». Publikoak ere ondo erantzun zuela esan dute.
Beraz, herritarrek Azalera proiektua aurrez aurre ezagutzeko aukera edukiko dute.
Ostean Izaro abeslari mallabitarra eta haren taldekideak taularatuko dira;
OM lehenengo diskoko abestiak eskainiko dituzte.
Izaro Andres musikaria. Argazkia: Izaro.
Izaro Andres duela bi urte inguru hasi zen tabernetan abesten, kontzertu batean orain bere bateria jotzailea dena ezagutu zuen arte. Hark beste bi lagun aurkeztu zizkion, eta orain Izaroren banda osatzen dute hirurek.
Lehenengo diskoan Izarok berak sortu ditu hitz guztiak eta musika. Abesti gehienak euskaraz dira, baina gaztelaniaz eta ingelesez ere kantatzen du.
Bere abestietan «biluzi» egiten dela dio Izarok. Horregatik, diskoa «intimista» dela gaineratzen du. «Ni ez ezagutu arren, abestiak entzuten dituenak ikusiko du nolakoa naizen, oso disko pertsonala baita». Hain zuzen ere, sentitzen duena kantatzen du Izarok bere abestietan: «Sekula ez dut bizi ez dudan ezer idazten».