Kluben Arteko Euskal Ligaren zenbait partida jokatuko dituzte eskualdean
Datozen egunetan Berriatuan, Markina-Xemeinen eta Munitibarren lehiatuko dituzte.
Gaur arratsaldean Lea Ibarra eta Lemoako EP taldeek nagusien mailako eskuz binakako partida jokatuko dute Munitibarko frontoian, 20:30ean hasita.
Era berean, domekan kadeten txanda izango da. Etxeko Lea Ibarra taldeak UPO Mendi taldearen kontra jokatuko du, 11:30etatik aurrera.
Bestalde, Markina-Xemeingo Uni frontoiak zestako bi partidak hartuko ditu bihar. 17:45ean hasiko da lehen norgehiagoka. Gazteen mailan etxeko bi taldeak (Markina-Zesta 1 eta 2) ariko dira nor baino nor gehiago. Halaber, nagusien Ohorezko mailan, Markina Zestak Zumaia KEren kontra jokatuko du.
Zapatuan, berriz, Markina-Eskuz eta Lagun-Artearen nagusien eskuz binakako partida ikusteko aukera izango dute Unira bertaratzen direnek. 16:30ean hasiko da neurketa. Bestalde, gaur arratsaldean Izarraren kontra jokatuko du talde markina-xemeindarreko gazteek Portugaleten, 19:00etan.
Berriatuako Mendibar frontoian, ostera, zesta puntako nagusien Ohorezko mailako partida jokatuko dute bihar, 21:00etatik aurrera. Etxeko taldeak Gasteiz JA 1 taldea izango du aurkari.
Finalerdiak. Kluben Arteko Euskal Ligaren finalerdiak hurrengo astean jokatuko dituzte, eta martxoaren 10etik 12ra lehiatuko dituzte finalak.